Koldo Katxo, jesuita: "Hazia erein dugu hartu-emana izan dadin erlijio guztien artean"

Munduko Bakearen eta Bortizkeria Ezaren Nazioarteko Egunean, Gandhiren hilketaren urtemugan, Tabira pastoral barrutiak Bakearen Domeka antolatzen du urtero. Aurten, erlijioen arteko elkarbizitzan sakondu gura izan dute.



Bakearen Domeka berezia antolatu duzue aurten, beste erlijio batzuetako ordezkariekin .
Munduko Bakearen eta Bortizkeria Ezaren Nazioarteko Egunean, Gandhiren hilketaren urtemugan, Tabira pastoral barrutiak ekimen hau antolatzen du urtero. Aurreko urteetan gure inguruko bake eta bortizkeriaren inguruko gaiei heldu diegu. Sufrimendu politikoaren testigantzak izan dira. Euskal Herriko egoera bake eta justiziagaz batera zelan zuzendu landu dugu. Elizaren inguruko jendeagaz egin dugu hori. Bestalde, erlijioaren izenean historian krudelkeria asko egin izan dira. Baina, gaur egun ere, erlijioa aitzakia hartuta, zibilizazioen arteko talka egin nahian dabiltza. Erlijio erakunde guztietakook egin behar dugu hausnarketa, azterketa eta aldaketa. Horregatik pentsatu dugu Durangaldean dauden zenbait erlijio tradizio elkartu, eta ekimen hau antolatzea.

Durangaldeko zein erlijiotako ordezkariak bildu zineten?
Nerea Basurto Durangon bizi den moja budista bat da, eta ekimenean parte hartu zuen. Era berean, kontaktuan jarri ginen kristau ebanjelikoekin, Ekuadorretik etorritako jendez osatutako kolektiboagaz. Eliza presbiterianoagaz ere bagenuen harremana –Ghanatik etorritakoak–. Islamak ere Durangaldean presentzia handia dauka, eta erlijio horretakoak ere gonbidatu genituen. Denak etorri ziren, eliza ebanjelikokoak izan ezik.

Ospakizuna zelan joan zen?
Ekitaldiaren hasieran senegaldar batek azaldu zigun islama eta kristautasuna errespetu handiz bizi direla bere herrian. Ondoren, Durangaldeko meskita bateko imanak hitza hartu zuen. Islama eta korana bakezaleak direla adierazi zuen. Ildo horretatik, terrorismoa salatu eta gaitzetsi zuen. Moja budistak azaldu zigun budismoak nola ulertzen duen bakea, eta otoitz egin zuen. Eliza presbiterianotik artzaina etorri zen, eta Ghanan bakea nola ulertzen duten azaldu zigun. Peio Bakaikua marista Ekuatore Guinean eta Txaden egon da misiolari, eta bakeaz Ebanjelioaren ikuspegitik hausnartu zuen. Pantxoa eta Peioren Bakemina abestia azaldu zigun, eta denok abestu genuen.

Denek elkarrekin keinu bi egin zenituzten amaitzeko.
Eliza barruan izan zen lehenengoa. Erlijio bakoitzeko ordezkariok bakearen lorearen haziak ontzi batean erein eta goratu genituen. Denok zaindu behar ditugu bakearen aldeko haziak, batzuetan erraza ez izan arren. Eta bigarren keinua kalera atera genuen. Txoria txori abestiagaz sokadantza bat egin genuen, eskutik lotuta. Espiral hori barrutik kanporantz ere egin genuen, Josean Artzeren “bakez bizi denak bakez kutsatzen ditu denak” aipua aldarrikatuta. Agur jaunak abestiagaz eman genion amaiera ekitaldiari.

Ekimen honek jarraipenik izango du?
Hau hazi bat izan da, hartu-emana izan dadin gure artean. Gustatuko litzaiguke aurrera begira zerbait egitea Durangaldean. Hasiera bat dela esango nuke, eta onuragarria da.

Orokorrean, badago hartu-emanik erlijioen artean?
Elkarren arteko ezagutzak eta erakundeen arteko harremanek lagundu behar digute erlijioa bizitzen XXI. mendean. Hainbat erronka ditugu, zientziaren eta modernitatearen aldetik. Honek guztiak lagundu behar digu gogoeta kritikoa egiten. Horretarako erlijioen eta erakundeen arteko topaketa oso garrantzitsua da.

Hau guztia mundu mailan gertatzen dabilen bortizkeriagaz lotuta dago?
Ezin da ahaztu Estatu Islamikoa ez dela mundu islamiko osoa. Era berean, erlijioa pertsonaren intimitatera heltzen da. Beraz, jakin behar dugu errespetatzen. Bestalde, Mendebaldean adierazpen askatasuna defendatzen dugu. Baina nire galdera da ea Mendebaldeak adierazpen askatasuna neurririk gabe defendatu behar duen. Gai honetan kontraesan handia dago. Parisko kaleetan hainbat buruzagi adierazpen askatasuna defendatzen ibili ziren, eta beraien herrialdeetan, adierazpen askatasun eza dela-eta, jendea kartzelan dago edo egunkariak debekatu izan dituzte. Ildo horretatik, erlijioa arma bat izan daiteke, Ekialdean ikusten dugun moduan. Horregatik da elkarbizitza hain garrantzitsua, erlijioa gerra egiteko aitzakia izan ez dadin.

Aniztasunak jende askori beldurra ematen dio?
Desberdinak beldurtzen gaitu, eta deseroso sentiarazten gaitu. Aniztasuna ez da erraza, baina aniztasuna txarto kudeatzen badugu eta elkarren arteko errespetua txarto kudeatzen badugu, ondorio latzak izango ditu. Parisko kasuan, oraintxe dabiltza konturatzen jihadista gehienak bertan jaioak direla, frantziarrak direla. Zer tratu izan duten, zelako ghettoetan bizi izan diren... Hemen ere kontuan hartu behar dugu hori. Elkarren arteko ezagutza, besteari aurpegia jartzea eta besteen duintasuna onartzea ezinbestekoa dira elkarrekin benetako bakea sortzeko. Horretarako, ikusi behar dugu nola mantendu tradizio bat egoera soziolinguistikoa eta identitarioa geroz eta pluralagoa den herri honetan. Horregaz batera, ikusi behar dugu anitzaren maitale nola izan, elkarrekin kulturarteko giroa sortuta.

Erlazionatuak

Erlijioen arteko topaketa egin dute 'Bakearen domeka'-n

Durango

Gandhiren urtemugan, Munduko Biolentziaren Kontrako Nazioarteko Egunean, Tabira Pastoral Barrutiak 'Bakearen domeka' antolatzen du urtero. Aurten, ...