'Arrastoak' ikusteko aukera bikoitza, asteburuan, Durangaldean

Anboto 2015ko urt. 29a, 10:47

Dejabu antzerki taldearen Arrastoak antzezlana ikusteko aukera bikoitza izango da Durangaldean, asteburu honetan. Zapatuan, Berrizko kultur etxean (20:00etan), eta domekan, Durangoko San Agustin kulturgunean (19:00etan).

Iazko azaroaren 1ean estreinatu zuten obra. Urko Redondo, Miren Alkala, Iñigo Aranbarri eta Ainara Gurrutxaga antzezleek dihardute aktore lanetan. Testua bera ere antzezle taldeak Oier Guillan idazleagaz landutakoa da.  

Bera txikia zenean etxetik alde egin zuen amaren heriotzak Lur protagonistarengan zelan eragiten duen kontatzen du antzezlanak: "Galderaz galdera atzera egingo du Lurrek", dio antzezlanaren sinopsiak: "Intrigaz eta ezustez betetako bidaia bat" da Dejabuk eskainiko duena.

Besteak beste, Errautsak, Gure bide galduak edo Hamlet (Artedrama eta Le Petit Theatre de Pain taldeekin elkarlanean) taularatu dituen taldea da Dejabu Papin Laborategia. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!