Udal hauteskundeak 2015

Udal hauteskundeetarako atzera kontaketa hasi da

Anboto 2015ko urt. 16a, 10:00

2015ean sartu gara, eta maiatzean egingo diren udal eta foru hauteskundeetarako atzerako kontaketa hasi da alderdientzat. Dagoeneko alkatetzetarako hautagai ugari aurkeztu dituzte, eta hemendik aurrera herritarren botoak lortzeko lasterketa hasiko da. Badirudi Podemos izan ahal dela aurtengo nobedadea; Durangon, gutxienez, hauteskunde plataforma bat sortzea aztertzen dabil.

Lau urte igaro dira Bilduren agerpenak ezaugarritu zituen hauteskundeetatik. Durangaldean 66 zinegotzi eta sei alkatetza –Atxondo, Izurtza, Mallabia, Mañaria, Otxandio eta Zaldibar– lortu zituen koalizioak. EAJk 51 aulki bete zituen, eta bost alkatetza ere bai: Berriz, Durango, Elorrio –bozkatuena ez izan arren–, Iurreta eta Zornotza. Abadiñon independenteak irten ziren garaile, eta, Amankomunazgoan lortutako aulkiak EAJri lagata, Bildu gainditu zuten jeltzaleek.

EH Bilduko Urko Lopez Zornotzan aginte makila hartzeko prest

Urko Lopez da, momentuz, EH Bilduk aurkeztu duen hautagai bakarra. Legealdi honetan Zornotzako zinegotzi izan den ekonomialariak 2014ko irailean iragarri zuen hurrengo hauteskundeetara ere aurkeztuko dela. Gainera, gogotsu eta aginte makila hartzeko prest dago Lopez: “Gu konbentzituta gaude benetako gobernu aukera garela”.

2011n hasiberria izan zen Lopez, Bilduko beste hautagaien antzera. Izan ere, legez kanpo utzi izanaren mamua gainditzeko, inoiz hautagai izan bako pertsonek osatu behar izan zituzten koalizioaren zerrendak. Lopezen arabera, lau urteko epe hau ikasketa prozesu bat izan da eurentzat. “Ardura honek, besteak beste, begiak zabaltzeko balio izan digu, beste alderdiek nola jokatzen duten bertatik bertara ikusi ahal izan dugulako”.
Zornotzan “dinamika eraikitzaile eta ezkertiarra” sustatu gura dute, eta, horretarako, gobernu aldaketa beharrezko ikusten du: “Jendeak askotan esaten du aldaketak nahi dituela, bada, gu gara aldaketa horretarako aukera”.

Bestalde, gainerako herrietan alkategaiak aukeratu eta zerrendak osatzeko prozesuan dabil EH Bildu. Durangon, programaz berba egiteko, batzar irekia egingo dute bihar, goizeko 10:00etatik 12:30era bitartean, Plateruena Kafe Antzokian. Aurten, Aralar alderdikoak ere koalizio berean joango dira, 2003tik euren taldea eduki ostean.

Joseba Mujika da Elorrioko EAJko akategaia, Otaduiren partez

Ana Otadui Elorrioko alkatea ez da hautagai izango oraingoan. Izan ere, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente izateko lehiatuko da, eta, kargu biak bateraezinak direlakoan, ez da alkatetzara aurkeztuko. Otaduiren ordez, zerrendaburu Joseba Mujika alkateordea izatea erabaki dute jeltzale elorriarrek. Bere esperientziari eman diote garrantzia, eta udalean egindako ibilbidea ondo baloratu dute.

Elorrioz gainera, Zornotzan ere erreferentzi aldaketa iragarri dute. Agintean hamabi urtez jardun duen David Latxaga alkateak ez du jarraituko, eta Andoni Agirrebeitia alkateordea izango da EAJren hautagaia. “Konpromisoa, ilusioa eta talde-lanean jarduteko borondatea” dauzkala adierazi du Agirrebeitiak. Zornotzako Uri Buru Batzarraren arabera, besteak beste, “eskarmentua, kudeaketarako gaitasuna, zuzentasuna eta akordioak lortzeko gaitasuna” batzen ditu Agirrebeitiak.

Beste zortzi alkategai ere konfirmatu ditu EAJk. Aitziber Irigorasek Durangoko alkate karguan jarraitu gura du, eta baita Orlan Isoirdek Berrizen eta Iñaki Totorikaguenak Iurretan ere. Bestalde, egungo gobernuaren alternatiba izango dira Eneko Etxebarria Abadiñon, Gorka Garate Atxondon, Oskar Zarrabeitia –egungo Amankomunazgoko presidentea– Izurtzan, Julen Uribelarrea Mañarian eta Beñat Gorospe Otxandion.

Pilar Ríos alkategai, barne gatazka bizirik duen alderdi sozialistan

Durangon Pilar Ríos izango da PSE-EEko alkategaia. Azaro amaieran izandako hauteskunde primarioetan horrela izendatu zuen bere alderdiak, baina barne hauteskunde prozesu hori polemikan nahastu da. Izan ere, primarioetan lehiakide zeukan Fernando Castillok –Durangoko idazkari nagusia– ez du emaitza onartu, eta, ondorioz, berak eta bere batzorde osoak dimititu egin dute. Primarioen aurreko egunetan, Durangoko afiliatu kopurua 74tik 98ra handitu zela kritikatu dute Castilloren aldekoek, eta kide berri horiek Riosen aldekoek inskribatu zituztela salatu dute. Afiliazio horiek legez kanpokoak direla uste du Castillok, baina alderdiko zuzendaritzak ez dio babesik eman. Hori dela-eta, Durangoko PSE-EEko batzordeak dimisioa eman du, eta barne gatazka lehertu da sozialisten etxean.

Ikusi behar, beraz, krisi horrek zelan eragiten dion PSE-EEri, baina alderdiko arduradunek primarioak onartu, eta Pilar Ríos babestu dute, eta bera izango da Durangoko hautagaia.

PSE-EEk herrialde eta erkidego mailan garatutako barne hauteskundeetan korronte eta talde bi egon ziren, eta garaileen taldean egon zen Ríos. Idoia Mendiak eskuratu zuen Bizkai, Araba eta Gipuzkoako zuzendaritza, eta bertan dago zinegotzi durangarra ere, Berdintasunerako idazkari edo arduradun legez.

Navarro independentea berriro ere alkate izan guran Abadiñon

Jose Luis Navarro egungo alkatea izango da berriro Abadiñoko Independenteak taldearen zerrendaburua. Agintearen jarraipena taldean egin gura dute, gainera. Navarrok azaldu duenez, azken legegintzaldian gobernuan egon diren sei lagunak aurkeztuko dira udal hauteskundeetara. “Hainbat gai ditugu esku artean, eta, bakoitzak bere arloan, seirok jarraitu gura dugu abian ditugun proiektuak kudeatzen”. Denbora edo diru faltagatik egin gabe utzitakoak amaitu nahi dituztela ere esan du Navarrok, “bide onean” dabiltzala uste duelako. Bestalde, Ikune independenteen plataformagaz Batzar Nagusietara aurkeztuko dela dioen zurrumurrua gezurtatu du.

Abadiño “hobetzen jarraitzeko”, asko dagoela egiteko azpimarratu du azken zortzi urteetan alkate jardun den Jose Luis Navarrok. Besteak beste, Traña-Matienako zein Zelaietako trafikoa gutxitzeko neurriak hartzea eta oinezkoei lehentasuna emateko proiektuak garatzen jarraitzea aipatu ditu 2015-2019 legegintzaldirako erronkatzat.

Legealdi honetan egoera ekonomikoa zaila izan dela aitortu duen arren, herrian “gauza garrantzitsuak” egin dituztela uste du independenteen hautagaiak. Horien artean, herriko eskolen azpiegiturak hobetzeko bi milioi euro inbertitu dituztela nabarmendu du Navarrok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!