Txirrindularitza sarietan Durangaldeko taldeak protagonista

Anboto 2014ko abe. 22a, 11:22

Euskadiko Txirrindularitza Federazioak egindako sari banaketa ekitaldian CAF Transport Engineering, Bizkaia-Durango zein BZK Emakumeen Bira talde berriko hainbat txirrindulari izan dira.

Euskadiko Txirrindularitza Federazioak askotariko espezialitateetako txapelketak irabazi dituzten txirrindulariei euren garaikurrak emateko sari banaketa ekitaldia egin du. Iurretako CAF Engineering Transport taldeko gazteak,  2015etik aurrera emakumeen BZK  talde profesionala osatuko duten txirrindulariak zein Bizkaia Durangoko taldekoak izan dira sari banaketako protagonistetako batzuk.

CAF Transport Engineering taldeari dagokionez Saioa Gil Espainiako txapeldun izan da errepidean eta taldeka infantil mailan; azken txapelketa hori Andere Basterra taldekidearekin batera irabazi du, besteak beste. Maialen Aramendiak, berriz, hirugarren amaitu ditu Euskaldun Torneoa eta Espainiako Txapelketa. Era berean, Mireia Muñozek ziklo kroseko kadete onenari dagokion saria jaso du; aurten Mendiz Mendi taldean aritu da Muñoz eta 2015etik aurrera CAF taldean ibiliko da. Aurten CAF taldean aritu den Paula Lanzek, aldiz, ziklo kroseko junior onenaren garaikurra jaso du; 2015etik aurrera Bizkaia-Durango taldeko txirrindularia izango da.

Eider Unanue BZK Emakumeen Bira taldeko txirrindularia izango da datorren urtean. Aurten, Caja Rural-Bide Bide taldeagaz Euskaldun Torneoa irabazi du junior mailan eta Espainiako txapelduna izan da pistan.

Bizkaia-Durango taldeko Lierni Lekuonak ere jaso zuen garaikur bat; aurten hirugarren amaitu du elite mailako Euskaldun Torneoa.

Gizonetan, Mikel Bizkarra mañariarrak Euskaldun Torneoan egindako lanagatik jaso du garaikurra. Aurten Gomur Kantabrian ibili ostean, 2015ean profesionaletara itzuliko da Murias taldearekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!