Izurtzan omenaldia egin dizute. Zelan sentitu zara?
Ondo, nik ahaztuta nituen gauzekin oroitu delako jendea. Niri ez zait agertzea gustatzen, baina polita izan da, oso jende atsegina delako.
Izurtzako emakumeekin zein hartu-eman izan duzu?
Acción Catolican nenbilen, eta gero Gurutze Gorrian hasi nintzen. Izurtzara lehen sorospen ikastaro bat ematera etorri nintzen. Ondoren, hitzaldiak ere antolatzen lagundu nien.
Ziztada ugari emandakoa zara. Oraindik jendeak injekzioa jartzeko eskatzen dizu?
Antzina, injekzioak ematea kobratu egiten zuten, beraz, guk jartzen genituen. Oraindik ere hori gogoratzen duen baten batek eskatzen dit, baina esaten diet 82 urtegaz pultsu txarra dudala. Umeei belarritakoak ere jartzen genizkien, eta oraintsu eskatu didate jaioberri bati jartzeko, baina horri ere ezetz erantzun diot. Orain baliabide asko daude horretarako.
Baina zuk, ogibidez, dendan lan egiten zenuen.
Dendara edozertara etortzen ziren. Pentsa, Merkatu plazako langileak tentsioa hartzera etortzen ziren.
Zelan zabaldu zenuten Piedra denda?
Nire aitak jarri zuen denda martxan. Ondoren nik eta senarrak jardun genuen bertan. Bost edo sei langile genituen. Oso ondo funtzionatzen zuen.
Minbiziaren kontrako elkartean ere jardun duzu.
Marisol Azkunak gurekin ziharduen lanean. Durangora etorri ziren minbiziaren kontrako elkartea sortzera, eta berak esan zigun Montse Llorenteri eta niri bertan parte hartzeko. Orduan, ez nuen Gurutze Gorria guztiz utzi, baina erizainek kobratzeari utzi zioten, eta beste sasoi batera pasatu ginen.
Edozein ordutan joaten zinen injekzioak jartzera.
Nire senarrak laguntzen zidan, mutil-lagun sasoian, goizaldean injekzioa jartzera etxeren batera joan behar izaten banuen. Alde horretatik, nire senarraren babes osoa izan dut.
Orain 60 urte, emakume aitzindaria izan zinen. Emakume langilea zinen, eta Emakumearen Sustapenerako Zentroaren sorreran parte hartu zenuen.
Emakume arloan beharrizan hori zegoela nabaritu genuen. Emakumea baztertua zegoen. Gizon batzuek, gure lana ikusterakoan, gaizki begiratzen gintuzten. Apurka-apurka gauzak aldatzen dabiltza.
Gaur egun, zelan ikusten duzu emakumearen egoera?
Hobetzen joan da urteen joan-etorriagaz, baina oraindik borrokan jarraitu beharko dugu. Koska bat baino gehiago falta zaigu.
Negozio bat zenuen, eta elkartegintzan era aktiboan parte hartzen zenuen. Inoiz diskriminatua sentitu zara arlo horietan?
Ez nuen jaramonik egin. Gurera ibili ginen. Sasoi hartan emakumea sukaldean egon behar zela esaten zuten. Nik ez nekien janaria prestatzen. Dendan nenbilen lanean.
Durangoko bonbardaketa bizi izan zenuen. Zein oroitzapen duzu?
Sasoi hartan, Santa Apolonian bizi nintzen, Iurretan, han jaio nintzen eta. Gogoratzen dut aititak esan zidala: “Ikusi, paperak”. Handik entzun genuen bonbardaketa. Aita Santanderkoa zenez, bertara eraman gintuen. Nik 5 urte nituen. Nazionalak pasatu ziren, eta Eusko gudariak abestu nuen. Sukalde baten azpian sartu ninduten.
Sasoi hartan euskaraz egiten zenuen berba.
Ez nekien gaztelaniaz hitz egiten. Baina gero guztiz debekatu ziguten euskaraz berba egitea.