Trevor Hart, gaztagile australiarra: "Musikak melodia, konposizioa eta erritmoa dauzka, eta gaztagintzak ere bai"

Anboto 2014ko aza. 9a, 10:00

Trevor Hart gaztagile ezaguna da Australian, eta beka bati esker Europan dabil ikertzen. Euskal Herrira ere etorri da, transhumantzia eta ofizio tradizionala ezagutzeko. Durangaldean, Mendiolan, Maumen eta Axpen ibili da. Athletic San Mamesen ikusi, eta zaletu egin da.


Noiz hasi zinen gazta egiten?
Duela zazpi urte hasi nintzen. Erronka bat gura nuen. Jazz musikaria izan naiz oso gaztetatik, eta zerbait desberdina egin gura nuen. Gaztagintza oso tradizio zaharra da, baina, aldi berean, sormen handia eskatzen duena, eta musikagaz paralelismo bat zuela ikusi nuen: musikagaz sekula ez duzu ikasketa prozesua amaitzen, eta gaztagintzagaz berdin, beti berritu ahal duzu.

Australian gazta egitea ez da tradizio handikoa.
Australian dagoen jateko kultura nahiko amerikarra da. Ardietatik erabiltzen dena artilea da, ez esnea. Artile hori Britainia Handiko armadaren arropa egiteko erabili izan da. Australiako etorkinen migrazio nagusia Europa iparraldetik zetorren, eta handik, batez ere, esnea ekarri zuten, baina gazta ez.

Zelan doa Europan zehar egiten zabiltzan ikerketa?
Australiatik kanpora ikerketak egiteko diru-laguntzak ematen ditu Churchill Fellowship erakundeak. Nire proiektua Gaztagintza tradizionalaren azterketa deitzen da. Tokian tokiko osagaiekin egiten den gaztagintza ikertzen nabil hilabete bi eta erdian. Gaztagintza tradizionala galtzen dabil, eta ardura horrek bultzatu nau. Gaztagileak bisitatzeaz gainera, nire lana ere erakusten diet.

Turkian eta Italian ere ibili zara. Zer nabarmenduko zenuke?
Turkian Tulum izeneko ahuntz gazta bat dago. Ahuntzaren azal barruan ontzen da, koba batean edo lurpean. Kanpotik iletsu tankera du, eta barrutik zuria da. Hogei kilokoak ere ikusi ditut! Oso itxura arraroa dauka, baina zapore oso ona. Italian, Turinen, Terra Madre deitzen den azoka batean egon naiz, etikoki ekoiztutako janaria eroaten dute bertara. Mundu osoko erakusleak egon dira, eta daukan eraginak harritu nau.

Eta Euskal Herrian?
Bitxia egin zait arraza nagusi bat izatea: ardi latxa. Izan ere, Australian merina arraza daukagu bakarrik. Idiazabal prozesua eta izendapena ere interesgarria iruditu zait. Artzaintza tradizionala desagertzen dabilela ikusi dut; uda sasoian mendira joan, eta han gazta egiten zutenena. Nafarroan ikusi dut horrelako artzain bat. Gaztaren kultura interesatzen zait.

Zer moduz Euskal Herrian?
Elkarte gastronomikoak eta horietan jatekoaren bueltan sortzen den giroa gustatu zaizkit. Euskaldunen harrera beroa izan da: abestu, jan eta edan [barrez]. Bestalde, 34 urte eta gero erbestetik bueltatu den lagun bategaz egon dira ni hartu nautenak, eta horrek asko hunkitu nau.

Bufalo esneagaz egiten duzu gazta, Etxebarri jatetxean legez. Zer du modan egoteko?
Ni bizi naizen eremuan bufaloak daude, eta horregatik egiten dut gazta mota hori. Bere usaina eta elastikotasuna gustatzen zaizkit, eta oso ona da gazta freskoa egiteko.

Zure gaztak arrakasta dauka...
Australian oso gutxik egiten dugu gazta eskuz, eta hori ondo baloratzen da. Nire bezero asko Australiako jatetxe onenetakoak dira, eta nire gaztagaz sari nazionalak irabazi izan ditut.

Gaztazale amorratua al zara? Egunero jaten duzu?
Gastronomia gustatzen zait orokorrean, ez gazta bakarrik. Hemen piperrekin jan dudan okela gisatua, adibidez, asko gustatu zait, eta pintxoak ere bai! [Barrez].

Zergatik utzi zenuen musika?
Umeak dauzkat, eta ez dut beti biran ibili gura. Musikak melodia, konposizioa eta erritmoa dauzka, eta gaztagintzak ere bai. Musikatik jaso ditudan irakaspenak gaztagintzaren arlora eroaten saiatu naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!