Juliak homeopatia kontsultategia du Abadiñon. Prozesua proiektu ilusionagarria dela dio. Hala ere, prozesu honek oztopo asko izan dituela aitortu du: “Pare bat gizaldi atzeragoko mentalitatea duen gobernu bat dugu”. Espainiako Gobernua ez dela “oso demokratikoa” gaineratu du, baina horrek ez duela harritzen. Hala ere, uste du gobernuak ez duela etorkizunera begiratzen: “Hau arazo politiko bat da, eta irtenbide politikoa behar du”. Demokrazia parte-hartzailea dela helburua azpimarartu du: “Katalanok gure etorkizunari buruzko erabakiak hartu gura ditugu”.
Eloi Salas Atxondon bizi da, eta postaria da. Herri galdeketa malenkonia handiz bizi duela aitortu du: “Bertatik bertara bizitzea gustatuko litzaidake”. Kataluniako eragileek eta herritarrek gizarte zibila mobilizatu dutela azpimarratu du: “Herrietan egindako galdeketekin hasi ziren, banan-banan. Prozesu honekin gertatu den gauzarik harrigarriena da kontzientzia kolektibo handirik ez zuen jendeak aldaketa egin duela eta mobilizatu egin dela”.
Estatuak eta bere inguruko estamentuak “dena lotuta” izateko sortuta daudela dio, baina gauzak “mobilizazioagaz eta herritarren kontzientzia argiagaz” aldatzen direla. “Generalitateak horregatik egin du egin duen guztia. Lotuta dagoelako”. Asteburuan Kataluniara joango da. Ezin du botoa eman, baina garrantzitsuena kalean egotea dela dio.
Elisabet Puiggròs irakaslea da Otxandioko eskolan. Bera ere Kataluniara joango da domekan, “egun historiko” hori familian bizitzera. Bere senitartekoek boluntario gisa egin dute lan prozesu honetan. Galdeketa “urduritasunez eta itxaropenez” bizi du Puiggrosek. “Berez, gure herriaren bidea guk egin behar dugu, eta ez diogu inori baimenik eskatu behar galdeketa hori egiteko. Herriaren borondatea bada, galdeketak aurrera joan behar du, erakundeen eta talde politikoen iritziaren gainetik”. Gaineratu duenez, herriak Artur Mas aurrera jarraitzera behartu du. Nabarmendu du prozesu honetan gizarte zibila dela benetan indarra eta botorea duena. “Indar horren bitartez alderdiak mugitu dira. Jendea ez dago atzera botatzeko prest”. Kataluniako gizartea guztiz aldatuta ikusten du. “Prozesu hau iraultza soziala ere bada. Jendeak erabakitzeko eskubidea eskatzen du, baina baita gizarte eredu berri bat ere. Joan naizen bakoitzean sumatu dut hori kalean eta familian”.