Kirolean ere martxan daude gizarteratzea lantzen duten esperientziak

Anboto 2014ko aza. 6a, 09:04

Beste edozeinek bezala jokatzea. Hori da gizarteratzea lantzen duten kirol taldeek sustatu gura dutena. Zapatuan, Gasteizko Escor Gaztedi Rugby Taldeko gizarteratze taldea Elorriora etorriko da, bere esperientziari buruz jardutera. Eta Geu Beko areto futbol taldeak liga hasiko du asteburu honetan bertan.


Elorrioko errugbi taldeak gonbidatuta etorriko dira Gaztedikoak. 10:30ean hasiko da jardunaldia, eta bi jarduera egingo dituzte. Batetik, Gaztedikoek eta animatzen diren herritarrek entrenamendu antzeko bat egingo dute, jolasen bidez eta arauak aplikatzen. Bestetik, Elorrioko eta Durangoko taldeetako hainbat gaztek partidua jokatuko dute. Dani Palaciosen arabera, Elorrioko taldearen eta federazioaren helburua da aukera bat eskaintzea gizarteratzea asmo duen errugbian interesatuta daudenei.

Gaztedi taldeko gizarteratze taldea duela urte bi jaio zen, Arabako Downen sindromedunen elkartearekin sinatutako hitzarmen bategaz. Elkarteko pedagogoa eta Gaztediko jokalaria den David Izquierdo izan zen sustatzailea: “Elkartean lantzen ditugun balioak Gaztedik lortu gura dituen helburuekin bat datozela ikusi nuen”. Downen sindromea duten lagunek eta senior mailako mutil eta neskek osatzen dute taldea, eta disfrutatzea da euren asmoa. Sakoneko helburua, aldiz, Downen sindromea dutenen autonomia garatzea eta, balio eta jarduera sozialak sustatzea da. Elkarrengandik ikasten dutela eta kluba aberastu egin dela azpimarratu du Izquierdok.

Areto futbolean
Geu Bek Areto Futbol Egokituko III. Ligan parte hartuko du. Athletic Club Fundazioak eta Kirol Egokituaren Euskal Federazioak babesten dute txapelketa, eta hamalau taldek parte hartzen dute, hiru mailatan banatuta. Geu Bek hamaika laguneko talde bana dauzka Lehen eta Hirugarren mailetan. Ligaren lehenengo edizioan txapeldun izan ziren Durangaldekoak.

Geu Beko Jose Alfarok adierazi du normalizaziorako ibilbidea jorratzen dela txapelketagaz. Talde federatu legez jokatzen eta entrenatzen dute, mediku analisi eta guzti, beste edozeinek bezala: “Gazteak protagonista bihurtzen dira, eta oso harro sentitzen dira euren lagun eta seniden aurrean”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!