Jon Odriozola sustatzaile eta zuzendari duen Kontinental mailako Murias talde euskaldun sortu barriagaz ariko dira datorren denboraldian Egoitz Garcia (1986, Atxondo) eta Mikel Bizkarra (1989, Mañaria). Txirrindulari biak lehengusuak dira eta lehenengoz bat egingo dute talde berean.
Mikel Bizkarra profesionaletara itzuliko da berriro, urtebete amateurretako Gomur taldean egin ondoren. Aurretik Euskadi Fundazioa (2010 eta 2012) eta Euskadi (2013) taldeetan ibilia da profesionaletan. Ondoren, Txileko PinoRoad taldearen eskaintza onartu zuen, baina talde hori bertan behera geratu zen. Aurten Gomurregaz maila handia eskaini du: Berriatua, Urraki, Zegama eta Valentziako Itzuliko etapa bat irabazi ditu eta Euskaldun Torneoan bigarren amaitu du.
Joan zen astean jaso zuen Murias taldera batzeko eskaintza eta onartu egin zuen: “Talde berria da, euskalduna. Gauzak zelan dauden ikusita oso pozik nago eta gogotsu”, adierazi du Bizkarrak. Oraindik ez daki talde berrian zein izango den bere eginbeharra, baina bere dohai nagusiak aldapa gora direla kontuan hartuta, “imaginatzen dut lasterketa gogorretan aurpegia ematea eta ahalik aurreren amaitzea izango dela nire zeregina; eta taldeari ahal dudan denean laguntzea”.
Egoitz Garciak hiru denboraldi eman ditu Cofidis taldeagaz, baina abuztu hasieran esan zioten ez zegoela hurrengo denboraldirako aukeratuen artean. Frantziako Tourrak ez zion ezer onik ekarri. Hirugarren etapan erori egin zen, baina aurrera jarraitzea erabaki zuen. Seigarren etapan berriro erori zen eta beste egun bitan eutsi ostean, bederatzigarren etapan Tourra uztea erabaki zuen, min handia zuelako: “Managerrak ez zuen ulertu nire erabakia, ez zitzaion gustatu eta handik aurrera bion arteko hartuemana hoztu egin zen. Tourra amaitu eta segituan, abuztuaren 1ean, esan zidaten ez nengoela hurrengo denboraldirako aukeratuen artean”. Baina mina benetakoa zen: “Izterrondoko tendoi bat ukituta nuen. Eserita min egiten zidan eta pelotoiak erritmoa bizitzen zuenean eta bizikletatik altxatu behar nuenean, min handia egiten zidan”. Etxera bueltan 13 egun egin zituen bizikletara igo barik: “Astebete joan zenean proba bat egin nuen, baina min egiten zidan. Beste sei egun itxaron behar izan nuen berriro apurka bizikletan hasi aurretik”.
Jon Odriozolak egindako eskaintza “ilusioz” hartu duela onartu du: “Etxeko taldea da eta gogotsu nago. Beste eskaintzarik ere ez nuen mahai gainean, baina Murias taldea proiektu interesgarria eta positiboa iruditzen zait. Segituan eman nuen baietza”. Talde berrian “esperientzia gehien dutenetakoa izango naiz eta taldeari laguntzen eta gauza positiboak eskaintzen saiatuko naiz”.