Gesc Gelabert koreografo kataluniarra eta Errenteriako Kukai dantza taldea elkartzen dituen proiektua aurkeztuko dute uztailaren 20an, 20:30ean, Durangoko Ezkurdi plazan. Aretotik kanpo eskaintzeko San Agustin kulturguneak antolatzen duen Uda Kalean Bizi programazioaren barruko emanaldia izango da etzikoa.
Gelajauziak izenburua du ikuskizunak, eta udaberrian aurkeztu zuten: Leioako Umore Azokan estreinatu zuten obra, eta, hain zuzen, Euskal Herrian ekoitziriko kale ikuskizunik onenaren saria jaso zuten jaialdi hartan.
Jon Maya koreografoa da obraren zuzendaria, eta Kukai taldeko bost dantzarik parte hartzen dute: Urko Mitxelenak, Alain Mayak, Eneko Gilek, Ibon Huartek eta Jon Mayak.Sabin Bikandik eta Xabier Erkiziak propio sorturiko musika dauka, gainera, ikuskizunak.
Beste lan batzuetan egin izan duen eran, Euskal Herriko dantza tradizionalaren gaineko begirada berritzailea ematen du Kukai taldeak Gelajauziak obran. Dantza tradizionalaren espazio naturalean, plazan emateko moldaturiko obra da, gainera. Eta arrakasta handiz erakutsi dute, dagoeneko, Euskal Herriko zein Espainiako hainbat plazatan.
Hil berri den Nestor Basterretxea artistak Akelarre izeneko eskultura lanagaz kolaboratu zuen Kukaigaz: eskulturaren bueltan eskaintzen dute dantzariek emanaldia.