Elorrioko pilotariak “ilusio eta gogo” bereziagaz dabiltzala adierazi du Evaristo Arando Berriotxoa pilota taldeko ordezkariak. Ez da gutxiagorako, aurtengo finalak, etxean, Elorrioko pilotaleku irekian jokatuko direlako uztailaren 5ean. Aurten final zortzirenetan sartu dira txapelketan eta Durangaldeko herri bi kanporatu dituzte: Iurreta eta Mallabia.
Zapatuan, 18:00etan, finalerdietako joaneko jardunaldia jokatuko dute Gernikako pilotalekuan: “Kanporaketa %50ean dago. Kadeteetan irabazteko aukerak ditugu, baina gazteetan gatxa izango da. Nire ustez kanporaketako gakoa nagusietan egongo da”, dio Arandok. Kadeteetan Paul Sagasta eta Gontzal Azkarraurizarrek osatuko dute Elorrioko bikotea; gazteetan Urtatz Azpitartek eta Iker Gaztañagak, eta, nagusietan Igor Azpirik eta Markel Garaizabalek.
Zornotzari areriorik gogorrena egokitu zaio
Zornotzak aurtengo aldirako ipinita zituen helburuak bete ditu. Elorrioren moduan final zortzirenetan hasi dira lehiatzen eta “finalerdietara heltzea” zuten helburu Iñigo Etxebarria Lagun Onak pilota eskolako kidearen esanetan. Orain, Zornotzaren historian bigarren bider, finalera heltzen saiatuko dira. Lehenengo final hura galdu egin zuten.
Aurten Mungia eta Munitibar kanporatuta heldu dira finalaren atarira. Finalerdietan txapelketa irabazteko “hautagai nagusiena” egokitu zaiela uste du Etxebarriak: “Gazteetan eta nagusietan oso bikote indartsuak dituzte. Kadeteetako partidua irabazi eta, ondoren, beste bietako bat irabazten saiatu beharko dugu”. Kadeteetako bikotea Mikel Goiriak eta Estefan Lizundiak osatuko dute; gazteetakoa Iñigo Elorriagak eta Jon Rekagorrik, eta, nagusietakoa Mikel Etxebarriak eta Igor Mendiolagaraik. Zornotzak jokatu duen final bakarreko protagonista izan zen Mikel Etxebarria; orduan kadeteetan jokatzen zuen eta Iñaki Izagaz osatu zuen bikotea.