200 kilometroko hegaldia egin dute parapentean Gabiriak eta Uribek

Anboto 2014ko eka. 19a, 15:45

Elorrioko Larrano Parapente Taldeko Iñigo Gabiria elorriarra eta Gorka Uribe berriztarra, Jose Jabier Alvarez gernikarragaz batera, parapentean Iberiar penintsulan egin den hegaldirik luzeenetarikoaren protagonista izan dira: 200 kilometro bost ordu eta erdian, 3.800 metrorainoko garaieran.


Eguenean Extremadurara (Espainia) joan ziren, aire presioak aldeko izango zituztelakoan, eta horrela izan zen. Lehen egunean 135 kilometro egin zituen Uribek, eta Gabiriak 25 bat bakarrik, ez zuelako aire korronterik hartu. Barikuan hegaldi laburrak egin zituzten hirurek. Zapatuan, ordea, espero ez zuten hegaldia irten zitzaien: 200 kilometro egin zituzten hirurek parapentean, Montanchez herritik irten (Caceres, Extremadura) eta Cordobaraino (Espainia): “Itzela izan zen, eta asko gozatu genuen”, adierazi du Gabiriak. Uribek aurten Iparraldeko Ligako lasterketa bat irabazi du: “Denbora gutxian asko hobetu du, eta parapentean etorkizun itzela duela iruditzen zait”.


Pirineoak zeharkatuz
Uztailaren 13tik aurrera, Hondarribian (Gipuzkoa) hasi eta Gironan (Katalunia) amaitzen den Xpyr parapente proban parte hartuko du Iñigo Gabiriak. Bi urterik behin egiten den proba da, eta orain bi urte irabazi egin zuen. Bera izan zen Pirinioak zeharkatu, eta 440 kilometroak osatzen aurreneko parapentezalea. Aurten “ia ezinezko” ikusten du garaipena errepikatzea. “Munduan zehar entzutea irabazi duen lasterketa da, eta munduko onenak etorriko dira”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!