Unai Iturriaga da 'txapalateru' berria

Anboto 2014ko eka. 16a, 09:55
Durangaldeko II. Kopla Txapelketa ospatu zen barikuan Plateruena kafe antzokian, eta Unai Iturriagak jantzi zuen 'txapalata'.

 

Plateruenean, afalosteko giro atseginean jokatu zen barikuan kopla txapelketaren bigarren edizioa. Itsua musikariak (Beat Salad Records) ipinitako abesti eta erritmoekin hasi zen ikuskizuna, eta hamar bertsolariek behetik gorantzako saioa osatu zuten. Partaide guztiak batera kantatuz amaitu zen saioa, gauerdia pasa eta ordu t'erdira.

Unai Iturriaga izan zen zaleen iritziz saioko kopla egile onena. Izan ere, ikus-entzulen saria da txapelketa honetan ematen dena; ez dago epaimahai ofizialik. Taldetxotan banatuta puntuak eman eta horrela sailkatzen ziren bertsolariak hurrengo faseetara. Buruz burukoan iazko txapeldunagaz, Beñat Ugartetxeagaz jokatu zuen 'txapalata' Iturriagak. Kartzelako gairako objektu bat eman zieten, giltz bat. Hiru minututan, geratu barik, giltz horri kantatu zioten biek. Iturriagak sentimenduetatik jo zuen, eta Ugartetxeak umoretik.

Baina irabazleaz gainera, han sortutako giroa izan zen protagonista. 100 lagunetik gora batu ziren, eta sailkatu zirenak zein sailkatu bakoak gogoz txalotu zituzten. Bertsolari gazteentzako plaza ere izan zen, eta besteak beste, Peio Azkaratek bat baino gehiago harritu zuen, erakutsitako freskotasunagaz eta ausardiagaz. Bi txapelketa eginda, badago oinarria datozen urteetan ere koplaren bueltan elkartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!