Elorrio eta Zornotza herri arteko finalerdien atarian

Anboto 2014ko ekainaren 12a

Elorrio 2-1 aurretik doa Mallabiaren aurka; Zornotzak abantailagaz aurre egingo dio itzuliko jardunaldiari.

 

Bizkaiko Herri Arteko Pilota Txapelketa azken txanpan sartu da. Asteburu honetan finalerdiak erabakita geratu dira. Durangaldeko hiru taldek txapelketan darraite eta horietako bi, Mallabia eta Elorrio, bata bestearen kontra ari dira.

Joanekoan Elorriok hiru partidutik bi irabazi zituen: kadeteetakoa (11-22) eta nagusietakoa (12-22). Gazteetan Mallabiak erraz irabazi zuen: 22-9. Elorriok irabazitako partiduak alde handiagaz izan direnez, ematen du itzulikoan ez dela sorpresarik egongo. Jardunaldi erabakigarria domekan, 11:00etan, jokatuko dute Elorrioko pilotalekuan.

Zornotzak ere hirutik bi irabazi zizkion Munitibarri: kadeteetakoa (19-22) eta gazteetakoa (7-22). Nagusietan galdu egin zuen: 22-10. Itzuliko jardunaldia domekan, 11:30ean, jokatuko dute Zornotzako pilotalekuan. Ematen du kadeteetako partidua dela kanporaketa honetako gakoa.

Gainerakoan, Gernika 2-1 aurretik doa Portugaleteren aurka eta Markinak hiru partiduak irabazi dizkio Arrankudiagari. Gernika-Portugalete kanporaketako irabazleak Mallabiaren edo Elorrioren kontra jokatuko du finalerdietan. Zornotzak aurrera egiten badu, ia seguru, Markina izango du arerio finalera sailkatzeko borrokan.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!