Durangaldeko II.Kopla Txapelketa hartuko du Plateruenak barikuan

Anboto 2014ko eka. 10a, 09:14

Hamar bertsolari ibiliko dira neurri laburrean, bizi-bizi, ekainaren 13an. Iazko arrakasta ikusirik, ekimenari segida ematea erabaki du Durangaldeko Bertso Eskolako antolatzaile taldeak. Bertsolaritzaz gozatzeko beste modu bat eskaintzera dator; izan ere, hamar bertsolari euren ohiko eskematik aterako dira neurri laburrean kantatzeko. Afal ostean, 22:30 aldera hasiko da saioa.


Peio Azkarate, Ander Duñabeitia, Igor Galartza, Xabier Irakulis, Unai Iturriaga, Peru Magdalena, Beñat Romero, Ander Salaberria, Julen Sololuze eta Beñat Ugartetxea dira partaideak. Ugartetxea izen zen iazko irabazlea, eta txapalata defendatzeko ardura edukiko du. Izen berezi hori ipini diote antolatzaileek inbutu formako garaikurrari.


Badauka zorotik apur bat
Irabazleari inbutua jantziko diote buruan, sasoi batean zoroekin egiten zen lez. Izan ere, kopla txapelketak badauka apur bat zorotik edo ganberrotik. Antolatzaileen esanetan, irabazteak baino, garrantzi handiagoa dauka bertsolariek eta entzuleek ondo pasatzeak. Bertsolariek hiru minutu eman beharko dute kantuan geratu barik, eta, neurri laburra izanda, bizi-bizi egingo dituzte ariketak. Lehenengo fasean hiruna ofiziotan parte hartuko du bakoitzak; bigarren fasera lau bertsolari pasako dira; eta, azkenik, bik buruz buruko finala jokatuko dute. Final horretan, adibidez, kartzelako gaia emanda, bakarka bete beharko dute hiru minutuko denbora. Bertsolariei erronka honetarako gaiak ematen Nahia Arrese eta Amaia Ugalde ibiliko dira.


Bertsolariez gainera, zaleek ere edukiko dute protagonismoa; iaz lez, aurten ere eurak izango dira epaile. Ez da egongo epaimahai ofizialik, zaleen iritziak balioko du. Mahaien bueltan, lagun taldeka egingo dituzte puntuaketak; norbere sentsazio eta gustuen arabera sailkatuko dituzte bertsolariak.


Musikaz jantzitako gala
Bertso saioa baino, bertso gala bat izango dela esan daiteke. Saioaren aurretik afaria egongo da, 20:30ean, eta txartelak salgai daude Plateruenean, 15 euroan. Ostean hasiko da saioa, 22:30 inguruan –saiora bakarrik agertu gura duenak sarrera libre edukiko du–. Eta guztia musikaz jantzita egongo da, Itsua DJak ipiniko duen musikaz jantzita, hain zuzen ere. Saioaren hasiera eta atsedenaldiak girotuko ditu, eta, antolatzaileek aurreratu dutenez, sorpresa bat baino gehiago eskainiko du bere kolaboratzaileekin batera.


Koplen bueltan gau eder bat pasa gura duenak hurrengo barikuan dauka zita Plateruenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!