"Japonian, errugbiaren bidez lagunak egin ditugu"

Anboto 2014ko eka. 6a, 11:40
Japonian gustura bizi dira. Elkarrekin egiten dute lan, eta errugbian ere talde berean dihardute Gorka Gerediaga berriztarrak eta Paulo Berriozabal elorriarrak. Bietako batek ere ez du, momentuz, Durangaldera itzultzeko asmorik.


Zerk bultzatu zaituzte Durangaldetik Japoniara joateko erabakia hartzera?
Paulo Berriozabal: Neska japoniar bategaz ezkondu nintzen. Bartzelonan bizitzen egon ginen, eta, umea izan genuenean, Japoniara etortzea erabaki genuen.

Gorka Gerediaga: Birritan etorri nintzen oporretan. Bigarren aldian, Paulo ezagutu nuen hemen. Errugbian bere taldean jokatu nuenez, lagun gehiago egin nituen. Etxera bueltan, informatika arloan lan inguruan egoera eskasa zegoen. Paulogaz hartu-emanean jarri nintzen Internet bidez, eta esan zidan, hemen gustura egonez gero, informatika arloan bazegoela lana. Orain dela urte bi izan zen hori, eta nire buruari esan nion: “Edo orain, edo inoiz ere ez”. Erabakia hartzea kostatu zitzaidan, baina maleta hartu nuen, eta txapela buruan eta ibili munduan.

Zelako bizitza duzue Japonian?
G.G.: Oraintxe hasi gara elkarrekin lanean. Zortzi hilabete eman ditut japoniera ikasteko ikastaro trinko batean. Tartean lanen bat egin dut, Paulok esan zidan arte bere enpresan bazegoela lan egiteko aukera bat. Otsailean ekin nion beraiekin lan egiteari.

Paulo, zuk zenbat urte daramatzazu Japonian?
P.B.: Zazpi urte daramatzat hemen bizitzen. Ingeles, gaztelania eta euskara eskolak ematen ibili nintzen. Gero, japoniera ikasi nuenean, bertako enpresa batean hasi nintzen. Telekomunikazio enpresa batean sartu nintzen, eta bost urte daramatzat bertan lanean.

Zelan bizi duzue errugbia Japonian?
G.G.: Jokalari asko daude, baina goi mailako errugbia ez da kluben araberakoa, enpresen araberakoa baino. Beheko mailetan, klubak gara, baina ez dugu gure zelairik. Alokatu egin behar izaten dugu. Zentzu horretan desberdina da. Unibertsitateko kirolak jende asko mugitzen du, eta jende asko bertako errugbi partiduetara joaten da.

P.B.: Taldean erdiak baino gehiago kanpotarrak gara; ingelesak, australiarrak eta hegoafrikarrak, adibidez.

Zer da japoniarrengandik gehien harritzen zaituztena?
G.G.: Japoniarren errespetu eta zintzotasun maila gustuko dut. Kalean diru-zorroa galtzen baduzu, topatzen duzunean, diru guztia barruan aurkituko duzu.

P.B.: Gainera, hori kutsatu egiten da. Zuk ere kalean diru-zorro bat topatzen baduzu, pertsona hori topatzen saiatzen zara.

G.G.: Erlazionatzeko beste modu bat dute. Guk Euskal Herrian tabernak ditugu elkargune. Hemen lanean ondo erlazionatzen dira, baina hortik kanpo katea eten egiten da. Lanetik kanpo lagunak egitea zail egiten da.

P.B.: Lanean ia denak japoniarrak dira, eta presio handia dago. Errugbiaren bidez egin ditugu lagunak; garagardo batzuk edan eta laneko tentsioa kentzen dugu horrela.

Japonieraz zelan moldatzen zarete?
G.G.: Hitz egiteko eta ulertzeko beste edozein hizkuntzen modukoa da. Oso zaila da idaztea, baina. Arlo batzuetan oraindik kosta egiten zait.

P.B.: Astean behin japoniera eskoletara joaten naiz. Emazteagaz gaztelaniaz hitz egiten dut, eta euskaraz Gorkagaz edo semeagaz bakarrik hitz egiten dut hemen. Umeagaz txarto, haserretzen naizenean euskaraz hitz egiten diodalako, eta harrituta begiratzen dit.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!