Olatz Agorria eta Lierni Lekuona Euskadiko txapeldun

Anboto 2014ko eka. 2a, 10:01

Olatz Agorria eta Lierni Lekuona Euskadiko txapeldunaren txapela jantzita (FotosUrnieta)
Gazte mailan Olatz Agorria eta 23 urtez azpikoan Lierni Lekuona Euskadiko txapeldun geratu dira Urnietan jokatutako txirrindularitza txapelketan.

 

Urnietako lasterketan Euskadiko txapelak egon ziren  jokoan zapatuan. Elite mailan Lointek taldeko hiru txirrindularik osatu zuten lasterketako podiuma: Alicia Gonzalez, Belen Lopez eta Aida Nuñok. Lehen euskalduna Ane Santesteban izan zen eta, beraz, Euskadiko txapelketa irabazi zuen. Iaz ere bera izan zen irabazlea. Santestebanen atzetik, 18 segundora, Bizkaia-Durango taldeko Lierni Lekuona helmugaratu zen eta, horrela, 23 urtez azpikoen Euskadiko txapelketa irabazi zuen.

Gazte mailan Bestealde Orue Eskola taldeko Olatz Agorria izan zen onena. Lasterketa osoa aurreko multzoan  eman ondoren, azken metroetan azkarrena izan zen. Beraz, aurten berak jantziko du Euskadiko txapeldunaren elastikoa gazteetan.

 

Zozketa, finantziazioa lortzeko

Beste behin, Bizkaia-Durango txirrindulari taldea Emakumeen Italiako Giroan izango da aurten. Lasterketak uztailaren 4an hasi eta 13an amaituko da.

Italiako Girora joateko diru laguntza bat lortzeko, zozketa bat jarri du martxan taldeak. Saria taldeko jantzia, eskularruak, kaskoa eta botila izango dira. Taldeari laguntza bat eman nahi dionak, hiru euroan erosi ahalko ditu txartelak. Hemendik ateratako irabazi guztiak bidaiak eta Italiako egonaldia ordaintzeko izango dira. Txartel hauek erosteko bi modu egongo dira.

Alde batetik, banku-transferentzia egin ahalko da, hurrengo kontu-zenbakian norberaren aportazioa eginez. Bakoitzak bere izena eta abizenak jarri beharko ditu, ">SORTEO BIZKAIA-DURANGO' kontzeptua gehituta. Bestalde, txartelaren zenbakia jasotzeko bizkaiadurangogiro@gmail.com helbidera mezu bat bidali eta norberaren txartel digitala bidaliko da.

Kontu-zenbakia: 2095 0036 60 9105671812 Landu Durangoko Emakumezko Txirrindulari Kirol Taldea. Bigarren aukera berriz, txartelak lasterketetan erostea izango da, taldeko zuzendari eta txirrindulariek salduko baitituzte.

Zenbaki saritua zein den jakiteko uztailaren 3ko ONCEko zozketako zenbaki sarituaren azken hiru zenbakiak hartuko dira kontuan. Bestalde, norbaitek beste aportazioren bat egin nahi badu aurretik aipatutako kontu-zenbakiarekin egin ahalko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!