Euskaltzaindiak aldiro-aldiro izendatzen ditu ohorezko euskaltzainak, bere arautegiaren arabera, euskarari egindako mesede bikainengatik. Azken izendapena 2010ean egin zen. Gaur egun, Euskaltzaindiak 39 ohorezko euskaltzain ditu. Xabier Amurizaz gainera hauek dira gaur izendatu dituzten gainerako ohorezko euskaltzainak: Paulo Agirrebaltzategi, Angel Aintziburu, Dionisio Amundarain, Xipri Arbelbide, Antonio Campos, Maite Idirin, Mixel Itzaina, Jon Landaburu, Joan Martí, Martin Orbe eta Manu Ruiz Urrestarazu.
Xabier Amuriza (Zornotza, Etxano, 1941) euskaltzain urgazle izendatu zuten 1967an. Bertsolari, kazetari, itzultzaile eta idazlea da. Eliz ikasketak egin zituen Zornotzan eta Derioko seminarioan. 1965ean apaiztu ondoren, Bizkaiko Gizaburuagan eta Amoroton egin zuen lan. Gogor apaiz taldeko kide izan zen. Bilboko Elizbarrutian itxialdia eta gose greba egiteagatik, 1969an atxilotu eta zazpi urtez egon zen preso Zamorako espetxean. Ondoren apaiz izateari utzi zion.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia bi aldiz (1980, 1982) jarraian irabazi zuen. 1986ko Txapelketa Nagusian finalista eta 1987ko Arabako-Bizkaiko Txapelketan txapeldunorde ere izan zen.
Artikulu ugari argitaratu du hainbat komunikabidetan: Punto y Hora de Euskal Herria, Egin, Euskadi Información, Gara. Lau urtez Anboto astekarian lanean aritu ondoren, 2006an erretiroa hartu zuen. Nobela, poesia, saiakerak edota bertsolaritzari buruzko liburuak idatzi ditu. Azken argitalpenak: Osoa, lehiakorra, nazionala. Euskara batuaren bigarren jaiotza; Zazpi ebidentzia birjaiotzarako; eta 4x4 operazioa, Joan ziren zazpi eleberriko zikloko laugarrena. Zilo horretan Gogor apaiz mugimenduaren historia kontatzen du.