Durangaldeko 20 talderen eskutik, kanta ezagunen bertsioak Platerueneko III. Greatest Hits Gauean

Anboto 2014ko mai. 23a, 09:00
Durangaldeko hamar talde ariko dira Plateruenean, gaur, eta beste hamar maiatzaren 30ean. Orduz erdiz ibiliko da talde bakoitza talde ezagunak bertsionatzen.

 

Gaur eta maiatzaren 30ean hartuko du Durangoko Plateruenak hirugarren Greatest Hits Gaua, 21:30ean hasita. Bigarren ediziotik bi urte igaro dira, eta, hasieratik jaialdiaren produkzio lanetan diharduen Kimetz Zenitagoiaren berbetan, helburu berberak mantentzen ditu: “Durangaldeko musika taldeen arteko harremana sendotzea, eta eskualdeko publikoari taldeak ezagutaraztea”. Oso ezagunak diren kanten bertsioen jaia aukera ederra da hori lortzeko.

 

Hogei talde ariko dira aurtengo jaialdian; hamar gaur, eta hamar maiatzaren 30ean. Bost orduko zuzeneko musika emanaldia izango da egun bakoitzean: ordu erdiz ariko da talde bakoitza. Boluntarioek dihardute jaialdiaren antolakuntzan, eta Durangoko Udalaren diru-laguntza jaso dute aurten. Horrela eskaini ahal izan dute sarrera hiru euroko prezio merkean.


Kojon Prieto y Los Huajalotes 90eko hamarkadako taldearen berpizkundearen testigu izango dira, esaterako, maiatzaren 30ean Plateruenera doazenak. Ene Bada, Martxoak 31 edo Seiurte taldeetako Durangaldeko hamaika lagun elkartu dira naparmex bertsioak egiteko. “Oso dibertigarriak izaten ari dira entseguak: zerbait dibertigarria eginda, berriro agertoki batera igotzeko aukera ederra”, dio Eneritz Gorritxategi musikariak.


Denetariko taldeek eskainitako askotariko doinuak izango dira entzungai jaialdian: Parabellum, Nirvana, Kiss, The Cramberries, EH Sukarra, El Corazón del Sapo edo Skunk Anansie-ren kantak, esaterako. Hemen aipaturikoak Plateruenean izango diren sorpresen aurrerapena baino ez dira.

 

80ko hamarkadako punka, jaia hasteko (B.E.K-ek Código Neurótico)

Greatest Hits jaialdia zabalduko du, gaur, Mañariko eta Durangoko B.E.K. punk hirukoteak. 80ko hamarkadako Bartzelonako Código Neurótico taldearen bertsioak joko ditu B.E.K. (Beti Etxetik Kanpo) taldeak. Betidanik entzun duten gustuko musika delako, eurak bezala hiru musikarik osatzen zutelako, eta “antzeko soinua” daukatelako aukeratu dute Código Neurótico.

B.E.K. taldeak ez zuen duela bi urteko GHG jaialdian parte hartu. Entzuleen artean egon ziren duela bi urte, taldea osatu berria zelako. “Oso ondo egon zen duela bi urteko jaialdia”, azpimarratu dute. “Lagunen kontzertua ikustera joan ginen, eta gustuko taldeen bertsioak entzuteko aukera izan genuen II. GHGn; eta aurten ere guretzat oso mitikoak izan diren taldeak entzungo ditugu: La Polla eta Parabellum, adibidez.”

Disko bi grabatu ditu B.E.K. hirukoteak bere ibilbidean –Silicosos taldeagaz azkena–. Entsegu lokalean kanta berriak sortzen dabiltza orain taldeko 23 eta 28 urte arteko musikariak. 

 

Eskoziako Biffy Clyro taldearen bertsioak (11 Ikusteko Jaioak)

Eskoziako Byfii Clyro taldearen bertsioak eskainiko dituzte 11 Ikusteko Jaioak taldekoek III. GHG jaialdian. “Egiten dutena gustuko dugulako aukeratu dugu, baina lehendik euren abestiren bat landuta dugulako ere bai”, dio Erik Del Arcok. Musikazaleei euren gomendioa egin gura diete, hemen oso ezaguna ez den Byfii Clyro taldearen kantak jota.

Taldea lehenengo aldiz ariko da Greatest Hits jaialdian. “Asko eskertzen dira estilo honetako jaialdiak; izan ere, azkenaldian nahi baino kontzertu gutxiago atera zaigu, eta oso motibagarria da musikariontzat”.

Hilbete taldean ibilitakoak dira 11 Ikusteko Jaioak taldeko kide gehienak: 24 eta 34 urte arteko Abadiñoko eta Durangoko musikari bina dira taldekideak. 2012. urteko udazkenean elkartu ziren, eta duela gutxi kaleratu dute taldearen izena daraman lehenengo diskoa: grabatu, nahastu eta editatu, dena egin dute taldekideek eurek. Rock eta metal doinuak sortzen dituzte: distortsio iluneko kanta indartsuak dira laukotearenak.

 

"Denon gustuko kantak joko ditugu" (Doctor´s Klub-ek La Polla Records)

Bigarren edizioan hartu zuten parte Doctor’s Klub taldekoek, lehenengoz, Greatest Hits Gauean. Flaming Sideburns taldearen bertsioak jo zituzten orduan: rock eskandinabiarra. Arabarra aukeratu dute, aldiz, III. ediziorako, La Polla Recordsena.

Aurreko edizioan ikusi zuten oso ezagunak diren kantekin gozatzen zutela gehien entzuleek, eta Doctor’s Klub taldean egiten duten musikarekin zerikusi handirik ez duen arren, “denon gustukoak diren eta jende guztiak ezagutzen dituen kantak” joko dituzte oraingoan: “denok disfrutatuko ditugunak”, Iraultza Unzueta taldekidearen berbetan.

Errepertorio oso zabala dauka La Polla Recordsek, eta ez zaie erraza egin emanaldiko kanten zerrenda osatzea.

Hainbat taldekide Durangaldetik kanpo bizi dira, eta geldialdian dago Docktor’s Klub. Greatest Hits Gaua “berriro elkartzeko, eta La Pollaren kantak jotzeko aukera polita” da eurentzat. “Giro ederra egoten da, eta beste musikariekin harremana egiteko aukera da”, Unzuetaren berbetan. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!