Bizkaiko Herri Arteko Pilota Txapelketak final hamaseirenetako itzuliko jardunaldiak izan ditu asteburuan. Durango eta Atxondo txapelketatik kanpora geratu dira Lemoa eta Sestaoren aurka, hurrenez hurren. Iurretak, aldiz, Leioa kanporatu du.
Final zortzirenetan Iurretak Elorrioren kontra jokatuko du. Elorriok kanporaketa honetan hasiko du txapelketa iazko emaitzei esker. Joaneko partiduak Iurretako Olaburun jokatuko dituzte datorren asteburuan eta itzuliko neurketak ekaineko lehen asteburuan izango dira Elorrion. Mallabiak eta Zornotzak ere herri artekoa hasiko dute: Mallabiak Arrigorriagaren aurka eta Zornotzak Mungiaren kontra. Mallabiak kanporaketa hau gainditzen badu, Elorrio edo Iurreta izango du arerio final laurdenetan. Zestan, Markinak Durango kanporatu du eta Berriatuaren kontra jokatuko du finala.
Bestalde, Bizkaiko Kluben 4 T’erdiko Txapelketan Atxarte taldeko Asier Aspuru abadiñarrak galdu egin du Derion jokatutako finala Lezamako Aurtenetxeren kontra: 5-22. Aspuru Kurene taldeko Ugarte gaindituta (22-6) heldu da finalera.
Trinketea, San Trokaz Torneoa
Joan zen eguenean Abadiñoko Tornosolon jokatutako San Trokaz Torneoa (trinkete zirkuituko aurrenekoa) Rober Uriartek eta Ximun Lambertek irabazi zuten finalean Gonzalez eta Harismendi gainditu ostean: 40-28. Finalak ez zuen aurreikusitako emoziorik izan. Gonzalez eta Harismendi irabazten hasi ziren (4-11), baina ordutik aurrera jaun eta jabe izan ziren irabazleak. Uriarte zehatz ibili zen tantoak amaitzerako orduan eta Lambert-ek lan asko eta ona egin zuen atzean.
Domekan gazte mailetako finalak jokatu zituzten. Benjamin B mailan Vazquez eta Etxebarrieta (Markina B) izan ziren irabazleak; benjamin A mailan Hernandez eta Pascual (Zaldua); kimuetan Jaio eta Beitia (Lea Ibarra A) eta promesetan Gordon eta Etxebarria. Azken horiek 40-19 irabazi zuten Ziarrusta eta Asteazuinzarraren aurka.