Zapatuan rallysprinta izango da Zornotzan, eta domekan eslaloma Abadiñoko Astola auzoan

Anboto 2014ko maiatzaren 16a

Auto lasterketa zaleek hitzordu bikoitza dute asteburuan, Durangaldean. Zapatuan Zornotzako II. Rallysprinta lehiatuko dute Gorka Antxustegik eta enparauek, eta domekan eslalom proba bat egongo da Abadiñon.


Zornotzako proba Gernika Racing Elkarteak antolatuko du eta Euskadiko zein Bizkaiko rallysprint txapelketetarako puntuagarria izango da. Parte-hartzaileen bilgunea Zelaieta parkea izango da. Gidariek 7,58 kilometroko ibilbide bati (Etxanotik, San Migueletik eta Eubatik) hiru pasada emango dizkiote; 15:00etan irtengo da lehen autoa Urritxe institutu paretik; sari banaketa 20:45ean izango da. Modalitateko piloturik onenak batuko dira, eta irabazteko hautagaien artean Gorka Antxustegi (Peugeot 205), Iban Tarsicio abadiñarra (Mitsubishi EVO IX) , Aingeru Castro (BMW M3) eta Joxe Labaka (Mitsubishi EVO V) daude.

Aurten, lehenengoz, Sport Erregulartasuna modalitateko auto klasikoek ere parte hartuko dute. Modalitate horretan iazko txapeldunorde Asier Santamaria da faborito nagusia; Aitor Carrocera eta Manu Bilbao ere garaipenaren borrokan ibiliko dira.


Domekan Abadiñoko Astola auzoan izango den eslaloma Durangalde Racing Elkarteak antolatu du. Euskadiko Eslalom Txapelketako lehenengo proba izango da, eta 25 parte-hartzaile inguru izango ditu. Iaz proba eta txapelketa irabazi zituen Victor Calvo gasteiztarra (Citroen AX) da aurten ere faborito nagusia, baina sorpresa emateko aukerekin daude Asier Tejado Mallabian bizi den dimoztarra (BMW 325) eta Raul Pérez portugaletetarra (BMW 325). Hirurek Durangalde Racing Elkarteagaz lehiatzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!