R.Vilaregut: "Erabakitzeko eskubidearen aldeko prozesua gizarte zibilak bultzatzea izan da Kataluniako arrakastaren gakoa"

Anboto 2014ko mai. 14a, 09:37

Ricard Vilaregut politologo katalanak erabakitzeko eskubideaz berbaldia eskainiko du Abadiñoko Txanporta kultur etxean, zapatuan, 12:00etan; Pedro Ibarra katedraduna eta Angel Oiarbide Gure Esku Dago dinamikako bozeramailea izango ditu solaskide.

CIEMEN nazio eta etnia gutxituen nazioarteko Escarré zentroko presidentea izateaz gainera, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea da Ricard Vilaregut. Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen inguruko tesia Euskal Herrian egin zuen. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Pedro Ibarra katedradunak zuzendu zuen bere ikerketa.

Zelan definituko zenuke erabakitzeko eskubidea zer den?
Erabakitzeko eskubidea teknikoki herrien autodeterminazio eskubidearen garapen bat da, baina demokrazia liberalaren  testuinguruan aplikatuta. Beraz, erabakitzeko eskubidea populazio jakin baten aldarrikapena da, zein gobernu mota nahi duen eta zein artikulazio politiko gura duen erabakitzeko. Nondik gatozen edo nortzuk garen jakitea ez da garrantzitsua, baina gure etorkizuna erabaki nahi dugu.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko prozesuak zein berezitasun du Katalunian?
Katalunian gizarte zibilak eta gizarte mugimenduek bultzatu duten dinamika izatea izan da arrakastaren gakoa. Gai politikoetan krisi garrantzitsua bizi dugu. Alderdi politikoetan krisi handia dago. Dagoeneko ez dira sinesgarriak. Baina ekimen hauek gizarte zibil apartidistak bultzatzen baditu –ez apolitikoa, ezberdina baita–, sinesgarriagoak dira gainerako gizartearentzat. Beraz, balorazioa positiboa da. Gaur egun beharrezkoa da mota honetako ekimenak gizarte zibil independentetik bultzatzea. Egun hori da edozein gizarte ekimenek arrakasta izateko giltza.

Zelan bizi izan zenuen giza katearen eraketa?
Antolaketan parte hartu nuen. Alde batetik, hasieran, katea osatuko ez genuen beldur ginen. Logikoa. Bestetik, prozesua aurrera zihoan heinean, batez ere, azken hilabete eta erdian, bagenekien katea sortuko zela. Azken une horretan tentsioa funtzionamenduaren antolaketak sorrarazten zigun, dena ondo joan zedin. Eguna bera euforia momentu bat izan zen.

Zein da giza katearen antolaketaren gakoa?
Herri antolaketan dago oinarria. Herri bakoitzean antolaketa talde bat egon behar da bere gunean katearen funtzionamenduaz arduratuko dena. Egun batzuk lehenago hori guztia artikulatzen bada, ez da arazorik zertan egon.

Euforia egunaren ostean, zer sentsazio gelditu zitzaizuen?
Katalunian gobernuak eta alderdi politiko batzuek iniziatiba hartu dute prozesu honetan, ekimenak aurrera egin dezan. Horrek erakusten du gizartearen mobilizazioek zerbaitetarako balio dutela. 2012ko manifestazioa eta Via Catalana atzerabueltarik gabeko oinarrizko bi puntu dira. Arrakasta izan da alderdi politikoek giza kateak eskatzen zuena betetzen joatea. Kontsulta baten alde egitea, ez independentziaren alde. Kataluniako jendeak bai edo ez bozkatzeko eskubidea izan dezala. Kontzeptu hori oinarrizkoa da. Guk hori demokrazia klabe batean egiten dugu. Irabazten duenak irabazten duela, mundu guztiak bere iritzia ematea gura dugu.

Ñabardura hori gizarte osora heldu da Katalunian.
Gakoa demokrazia gehiago eskatzea da, ez gutxiago. Azaroaren 9an kontsulta egitea gura dugu, eta nork esan diezaioke ezetz horri? Oso zaila da horri kontra egitea. Bokazio demokratiko minimo bat dutenek kontsultari ezin diote ezetz esan.

Bai alde sozialetik, bai alde politikotik, zer egoeratan dago prozesua Katalunian?
Dakiguna da batasun zibil eta politiko bat dagoela azaroaren 9an bozkatzeko. Batasun hori oso gutxitan gertatzen da. Gizarte zibila eta alderdi politikoak ados daude botoa emateko. Hortik aurrera bakoitzak bere lana egin behar du. Gizarte zibilak bere aldetik dihardu. Ekainaren 8an, zuen giza katearen egunean, Europa osoan Castelletsen erakusketa handi bat egingo dugu. Europako hiriburu nagusietan, egun berean, giza gazteluak egingo dira. Irailaren 11ko manifestazioa ere oso jendetsua izatea aurreikusten da. Gainera, hainbat berbaldi ari dira eskaintzen. Hori guztia azaroaren 9arekin lotua dago. Badakigu ez dakigula bozkatuko dugun edo ez, baina badakigu presio guztia egingo dugula bozkatu ahal izateko.

Euskal Herrian, prozesua oso desberdina den arren, zein egoera bizi dugula deritzozu?
Euskal Herriak, indarkeria osteko agertokiagaz, oso aukera onak ditu. Agian epe motzera oraindik ezin da egin, baina epe ertainera ziur nago, gizarteak prozesua bultzatzen badu, prozesu katalanaren moduan joango dela. 2009an, Katalunian, Arenys de Munten kontsulta bat egin zen, eta denek anekdota moduan ikusi zuten. Orain, berriz, 2014an, prozesu interesgarri bat bizitzen ari gara.Euskaldunak animatzen ditut giza kateak eta mota horretako ekimenak sustatzera, momentu batean gehiengoak lortzea zailak direla dirudien arren, prozesu honen lehenengo haziak direlako.

Euskal Herrian egin zenuen zure doktoretza tesia, erabakitzeko eskubidearen inguruan, hain zuzen.
Nire tesian azaldu gura nuen nola sortu den erabakitzeko eskubidearen inguruko mobilizazioaren prozesua Katalunian. Zergatik sortzen da orain eztabaida hau? Barneko mekanismoak, eta baita politikoak ere, azaltzea izan dut helburu, gaur egun gauden egoeran egotea azaltzen dutenak. Tesian atera nuen ondorioetako bat da prozesu sozial hauek, krisi ekonomikoari edo aukerei lotuta egon beharrean, bultzatzen dituzten mugimenduen gaitasunetan oinarritzen direla. Mugimendu subiranista kontzeptualki berritzailea izan da erabakitzeko eskubidearen inguruan. Ez da kontzeptu independentista bat, kontzeptu demokratiko bat baino. Aurretik egiten zituen gauzekin alderatuta berritzailea izan da. Aliantzak egin ditu aurretik harremanik izan gabeko sektoreekin. Jendearengana heltzen diren ekimen ezberdinak bultzatzea da gakoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!