'Divenire': Logela Multimendiaren irudiek eta soinuek lagunduriko dantza, Durangaldean

Anboto 2014ko api. 28a, 09:00
Maiatzaren 1ean, 20:00etan, Durangoko San Agustin kulturgunean; eta, hurrengo egunean, 22:00etan, Elorrioko Arriola antzokian eskainiko dute Logela Multimedia eta Circle Of Trust taldeek 'Divenire' dantza ikuskizuna.

 

Elorrioko Logela Multimedia eta Zaragozako Circle Of Trust taldearen elkarlanetik sortutako hirugarren ikuskizuna da Divenire. Ekoizpen honetarako, gainera, lehenengoz, Jordi Vilaseca koreografoaren zuzendaritza artistikoagaz jardun dira sorkuntza prozesuan. Logelako sortzaileen berbetan, “nabari da Vilasecaren ukitua azken emaitzan: batetik, ideiak gehiago ordenatu ditugu bere parte-hartzeari esker, eta, bestetik, garaikidetasun kutsu handiagoa eman diogu lan honi”.

Aurreko lanekin alderatuta, lan honetan “heldutasuna irabazi” dutela azpimarratu du Logela Multimedia taldeko Imanol Garaizabalek: “Orain arte, gure lan egiteko era izan da ideia guztiak mahai gainean ipini eta bi taldeen artean joatea josten ikuskizunaren gidoia. Kasu honetan Jordi egon da talde bien erdian gure ekarpenak ordenatzen”.

Elorrio, Zaragoza eta Bartzelona batzen dituen ekimena da Divenire. Sortzaileek asko baliatu dute Internet, distantziak laburtu eta elkarrekin sortzeko, baina Zaragozan zein Elorrion ere elkartu dira sorkuntza prozesuan. Lantaldeari dantza garaikidearen ikuspuntua Vilaseca koreografoak eman dio, dantza urbanoarena Circle Of Trust taldeak, eta baliabide digitalak Logela Multimediak gehitu dizkio: Logelarena da planteamendu eszenografikoa, eta baita irudiak (errealistak, motion graphic teknikagaz zein hiru dimentsioko grafismoagaz egindakoak) eta girotzeko sortutako audioak ere.

“Hirugarren kolaborazio honetan dantzarien eboluzioa ikustea izan da, beharbada, politena”, dio Garaizabalek, “break dantzariek zelan moldatu dituzten euren mugimenduak dantza garaikidera” ikustea.

 

Imanol Garaizabal: “Parte-hartzaileon bizipen eta momentuko egoerak dira ikuskizunaren ardatza”

Zelako harrera egin dio publikoak ‘Divenire’ ikuskizunari?
Oso ona. Izan ere, estetikari eta testuinguruari dagokienez, betiko breakdance ikuskizunetatik aldendu gara, eta publiko zabalagora ailegatzea ekarri du horrek: askotariko publikoa daukagu, eta kritika onak jaso ditugu. Zaragozan, Madrilen eta Guadalajaran eskaini genuen, eta urte hasieran Euskal Herrian hasi gara erakusten.

Badago ideiaren bat obra pentsatzen hasi zinetenetik transmititu nahi izan duzuena?
Orain arteko gure kolaborazioetan (Klonk eta Papiroflexia lanetan) beti hartu izan dugu gai bat edo testuinguru bat abiapuntu gisa. Baina oraingoan parte-hartzaileon momentuko bizipenak eta egoerak dira ikuskizunaren ardatza. Divenire ikuskizunaren izenburua ere hortik dator: euskaraz joan-etorria esan nahi du. Esango nuke lan egiteko modu horretan nabari dela heldutasuna; bizitza aurrera doan heinean inozentzia galtzea. Puntu horretan gaude, eta Divenirek hori erakusten du. Barrutik, bihotzetik ateratako ikuskizuna da.

Break dantzari lotuta entzutera ohituta ez gauden musika ipini diozue ikuskizunari.
Hori da. Ikuskizuna break dantzaren eta dantza garaikidearen nahasketa bat da, eta audioan nahasketa hori ikusten da. Dantza garaikidearen tempoa dauka, klasikoa zein elektronikoagoa; bestalde, break dantzaren beata ere presente dago. Oso nahasketa polita da Divenire ikuskizuneko musikarena: klasikoa, rapa, funkya eta musika elektronikoa daude. Nahasketa kuriosoa eta oso eramangarria da.

Logela Multimedian orain arte erabili bako teknikarik baliatu duzue lan honetarako?
Ez, egia esan ez. Irudiak eta musikak sortzeko lan handia egin dugu, baina azken emaitzan ez dute pisurik handiena. Ikuskizun honetan oso orekatuta dago parte bakoitzaren pisua.


Lanpetuta zabiltzate azken hilebateetan Logela Mutilmediako kideak: Break On Stage jaialdia, ‘Barbantxo’ umeentzako ikuskizuna...
Bai. Lan asko egin dugu azken aldian, horrela sortu delako. Azken urteetan Ingalaterran hainbat ikus-entzunezko lan ekoitzi dugu, eta dantzariekin interakzioan egin dugun lan bat ere aurkeztu genuen urrian, han. Oraintsu Break On Stage eduki dugu, Barbantxo ere aurkeztu dugu... Eta Divenire orain. Erritmoa apur bat geldituko dugu orain, egindakoa ondo digeritzeko. Baina, egia esan, oso pozik gaude sortu ditugun ekoizpenek duten harreragaz.

Horren adibide da Break On Stage jaialdia.
Bai. Hiru mila ikusle etorri ziren, eta urte asko daukan jaialdia izanik ez da erraza jendea harritzen duen programazioa eskaintzea lortzea. Oso proposamen interesgarriak egon ziren, eta asko gozatu genuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!