Elena Laka, Euskaltzaleen topaguneko presidentea: "Horrenbeste indar metatzen duen mugimendu gutxi daude"

Goiena 2014ko api. 26a, 09:00

Elena Laka da Euskaltzaleen Topaguneko, hau da, euskara elkarteen federazioko lehendakaria. Jaiotzez eibartarra den eta Bergaran bizi den abokatua Eibarko ‘…eta kitto!’ euskara elkarteko kide da; bost urtean Topaguneko zuzendaritzako kide ere izan da, eta aski ezaguna da, Goienako eta ETBko kolaboratzaile ere badelako.


Zelan hartu duzu izendapena?
Pozik, ilusioz, eta ohore moduan ere bai. Baina oso hunkigarriak eta ikaragarriak izan dira kanpotik jaso ditudan adierazpenak, babes mezuak, zorionak… Aurretik esan izan balidate, ez nuke sinetsiko, baina leku guztietatik ari zaizkit horrelakoak iristen, eta erabat eskertzekoa da. Baina, aldi berean, horrek ardura pixka bat ere ematen du: zelako itxaropenak sortzen diren eta zer egin ahalko dugun… Baina hasteko, pozik.
 
Zuzendaritzako kide izan zara. Orain zure zereginak asko aldatuko dira?
Bai, izan ere, bi urteko etena izan dut zuzendaritzako kide moduan. Orain lehendakari moduan bueltatuko naiz eta ardurak bestelakoak dira, eta egitekoak ere bai. Baina asko errazten du lehenago egon izanak, eta etxearen ezagutza edukitzeak.

Norantz doa Topagunea?
Lau urteotan hausnarketa prozesu oso inportantea egin dugu, bidea nondik joango den, zer egin nahi dugun, zer izan nahi dugun eta zertarako gauden. Hori kongresuetan adostasun handiz onartu da. Helburu nagusia da euskaldunentzako espazioak irabaztea. Euskal hiztunen komunitatea indartu nahi dugu, sendotu eta zabaldu, eta horretarako bideak ipini. Helburua da jendeak geroago eta espazio eta toki gehiago izan ditzala euskaraz bizi ahal izateko. Eta euskaraz bizitze hori Euskal Herrian gauza normala izan dadila. Bitartean zer prozesu segituko dugun horretarako? Gure bidea da gizartean adostasun handia lortzea, hortik aurrera egiteko, eta irabazita ez ditugun espazio horietara ere iritsi ahal izateko. Elkarlanean dihardugu euskalgintzako gainerako erakunde askorekin, uste dut asko dugula eskaintzeko. Erakunde publikoekin ere elkarlanean dihardugu. Uste dut hor ere asko dugula emateko. Solaskidetza EAEn ona da, Nafarroan ez da horren ona, baina asko zabaldu da Tokikomekin, hedabideekin… eta uste dut baditugula baliabideak, eta Topagunea oso indartsu dagoela horri guztiari aurre egiteko.    
 
Batzar nagusian orain arteko ibilbidearen berri ere eman zen; zelan egin da indartsu Topagunea?
Elkarteek topaguneari eskatzen zioten zuzendaritza, lidergoa, zentralitatea euskalgintzan… Hori eskuratzen gabiltza, eta gaur egun bagara nor, solaskide moduan aitortuta gaude edozein tokitan, eta egungo gizartean Topagunea kontuan hartzeko erakunde indartsua da.

Kide kopurua ere indartsua da.
Bai. 93 bazkide gara, elkarteak. Ia 20.000 herritar ditugu elkarteetan. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan banatuta daude elkarteok; Iparraldearekin ere bagabiltza lanean, eta, beharbada, epe laburrean bertako elkarteak ere izango dira gure kide. Uste dut mugimendu gutxi daudela Euskal Herri mailan horrenbeste jende, elkarte eta indar metatzen dituztenak, eta indar hori aprobetxatu egin beharra dago gure helburuetarako.  

Topaguneak zer baliabide ditu bere asmoei aurre egin ahal izateko?
25 langile inguruko taldea da, eta 1.400.000 euroko aurrekontua du. Murriztu egin da aurreko urteetatik, 2013a oso urte gogorra izan delako, bereziki, herrigintzan dabiltzan erakundeentzat. Hala ere, Topaguneak oso ondo jakin du baliabideak kudeatzen, funts propioak ditu eta %60an autofinantzaketatik lortzen ditu baliabide horiek. Eta inpaktu ekonomikoari dagokionez, uste dut lanpostuetan eta gainerako zerbitzuetan, eta baita industria moduan ere, oso kontuan hartzekoa dela.  

Jaurlaritzak V. mapa soziolinguistikoa aurkeztu berri du. Zertan eragin dezake Topaguneak emaitzetan?
Euskaltzaleen mugimenduak gizarteari eskaintzeko duena inoiz baino beharrezkoagoa da mapa soziolinguistikoaren emaitzak ikusi ondoren. Hain zuzen, mapa horretatik ondorioztatzen da administrazioaren garaiaren ondoren, gizarte antolatuaren garaia dela herria euskalduntzeko. Bi eragileak, administrazioa eta herri mugimendua (Topagunea), elkarrekin aritu beharko dira euskara formalak ez diren esparruetara eramateko, euskal hiztunengan euskararekiko atxikimendua eramateko. Orain arteko jardunak erakutsi digu euskaraz jarduten duen hizkuntzaren aldeko mugimenduren bat dagoen inguruetan hizkuntzaren presentzia alor gehiagotara zabaldu dela, euskal hiztunen komunitatea trinkotu egin dela. Oso une egokia da euskara elkarteen mugimenduak euskal gizartean modu antolatuan eragin dezan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!