Mikel Markez ‘Indar bat dabil hor’ diskoagaz, Berrizera

Anboto 2014ko mar. 21a, 11:00

Bihar, 20:00etan hasita, Berrizko Kultur Etxean ariko da Mikel Markez musikari errenteriarra, bere azken laneko kantak zuzenean eskaintzen.

 

Bakarka kaleratu duen hamargarren diskorako sorturiko kantak aurkeztera dator Mikel Markez (Errenteria, 1971) musikaria Berrizko Kultur Etxera. Bihar, 20:00etan, izango da emanaldia. Iazko urritik dago Indar bat dabil hor izenburuko diskoa kalean, eta, besteak beste, Xabier Amuriza bertsolariaren, Josu Zabala eta Arkaitz Miner musikarien eta Aire Ahizpen kolaborazioagaz jardun du lan horren grabazioan.

 

Zuzenekoetan hiru musikarik laguntzen diote Markezen gitarraren soinuari eta ahotsari: Arkaitz Minerrek jotzen ditu biolina, mandolina eta gitarra; Amaiur Cajaravillek kontrabaxua; eta Satxa Soriazuk pianoa eta teklatua. Berrizko kontzertuan, Arkaitz Miner musikariagaz ariko da Mikel Markez.


1991. urtean argitaratu zuen Mikel Markezek Eta etorri egin zait bere lehenengo diskoa, eta Euskal Herriko txoko askotan kantatu du ordutik hona. Besteak beste, Mikel Laboa, Benito Lertxundi edo Silvio Rodriguez musikariekin kantatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!