Lea-Artibako taldeak irabazi dio Durangaldeko seikoteari

Anboto 2014ko mar. 20a, 09:43

Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketan, Lea-Artibaiko seikoteak 405 puntu batu zituen, eta 388 Durangaldeko taldeak. Martxoaren 28an, Bilboko Kafe Antzokiko finalean ariko dira Lea-Artibaikoak

 

Giro ederrean, Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuko entzuleen aurrean jardun ziren, eguaztenean, Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketan, Durangaldeko eta Lea-Artibaiko bertsolariak. Sariketa horren lehenengo finalaurrekoa izan zen Durangokoa, eta Lea-Artibaiko seikoteak irabazi zuen kanporaketa, guztira 405 puntu batuta. Durangaldeko taldeak, aldiz, 388 puntu batu zituen.

Hemezortzi urte artekoen Durangaldeko taldean Iuri Altzerreka Martinez, Peio Azkarate Elejabarrieta eta Txaber Altube Sarrionandia jardun ziren. Talde horrek 16 puntuko aldea atera zion Lea-Artibaiko Aitor Ruiz Urizarrek, Graxi Arregi Leonardok eta Naroa Loiola Lejardik osaturiko hirukoteari. Baina hemeretzi eta 24 urte artekoan 32 puntuko aldeagaz irabazi zuen Lea-Artibaik. Ander Aldazabal Olabarrik, Ander Gerrikaetxeberria San Atonek eta Aitor Bizkarra Ruizek kantatu zuten Durangaldeko taldean, eta Aissa Intxausti Aburruzak, Eneko Arrate Sololuzek eta Nerea Ibarzabal Salegik Lea-Artibaikoan.

Durangoko saioa irabazita, beraz, Lea-Artibai izango da martxoaren 28ko Bilboko Kafe Antzokiko finalean ariko den taldeetako bat. Datorren martitzenean jokatuko duten bigarren finalaurrekoko irabazlea, Arratia edo Busturialdea, lehiatuko da Lea-Artibaigaz finalean. Finaletik kanpo geratu da azken urteetan sariketa irabazi izan  duen  Durangaldea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!