Guztira 200 eta 250 parte-hartzaile artean batzea itxaroten dute. Irteera puntua San Miguel kalean egongo da, eta helmuga Zelaieta parkean. Emakumeen lasterketa 10:30ean hasiko dute, eta gizonena ordulaurden bat geroago. Duatloiaren neurriak honako hauek dira: 10 kilometro korrika, 44 bizikletan eta beste 5 korrika.
Korrikako lehen tartea herrigunearen (San Pedro kalea eta San Miguel kalea, adibidez) eta Jauregibarriako landaren artean banatu dituzte. Gune bietatik zehar osatu dute zirkuitua. Parte-hartzaileei helmugara arteko bidea erakutsiko dien korrikako azken tartea, aldiz, herrigunean bakarrik ibiliko da, bertaratzen diren zaleen gozagarri.
Korrikako tarte bien artean, bizikletako 44 kilometroei aurre egin beharko diete duatloilariek. Autzaganeko lanen ondorioz, ibilbidea moldatu egin dute. Durangorantz irtengo dira parte-hartzaileak, eta Arriandin Muniketarako bidea hartuko dute. Birritan igaroko dira Dudoletatik. Ondorioz, “aurten bizikletako tartea gogorragoa da”, abisatu du Miguel Rodriguez Extrem Zornotzako kideak.
Parte-hartzaleei dagokionez, aurtengo hutsune handienetako bi Iurgi eta Etor Etxeandia anaiak dira, biak zornotzarrak. Iaz Iurgik duatloia irabazi zuen, eta Etor bigarren sailkatu zen. Biak lesionatuta daude.
Udalaren diru-laguntzari eskerrak, duatloiak ez du murrizketarik izan, eta ohiko sariez gainera, beste hainbat ere zozketatuko dituzte. Esaterako, parte-hartzaileei euro biko txartel bat emango diete Luis Urrengoetxea kaleko tabernetan erabiltzeko.