Aukeratu dituzte Durangaldeko maketa lehiaketako partaideak

Anboto 2014ko mar. 12a, 13:28

The Mockers Durangoko taldea izan da, beste zortzi taldegaz batera, aukeratutakoetako bat.
Baraia, Ekilibristak, Etorkizun Beltza, Hozten, Ilunbeltzean, Rusted, Orion Child, The Mockers eta Tightleash taldeak izan dira hautatuak.

 

Deneriko musika egiten duten Durangaldeko bederatzi talde aukeratu ditu epaimahaiak, eskualdeko Maketa Lehiaketaren bigarren edizioan parte hartzeko. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Baraia, Ekilibristak, Etorkizun Beltza, Hozten, Ilunbeltzean, Rusted, Orion Child, The Mockers eta Tightleash taldeak izan dira hautatuak. Talde horiek ariko dira, Zornotzako Zelaieta Zentruko zuzeneko emanaldietan.

Barikuan, 22:00etan izango da lehenengo zuzenekoa. Baraia, Rusted eta Etorkizun Beltza taldeek jardungo dute gaurkoan euren kantak zuzenean defendatzen. Beste sei taldeek, apirilaren 4 arte burutuko dituzten beste kontzertu bitan joko dute.

Maiatzean izango da azken kontzertua: lehiaketa irabazten duten taldeek eskainiko dute emanaldi hori, eta ekitaldi horretan egingo dute lehiaketaren sari banaketa ere.

Amorebieta-Etxano, Abadiño, Durango eta Iurretako udaletako gazteria sailek antolatu dute lehiaketa hau bigarren urtez. Iazko lehenengo edizioan, Atxondoko Kilauea hautatu zuten irabazle, eta aurkeztu berri du talde horrek bertatik sortutako Sonichaos disko berria.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, doako autobus zerbitzua eskainiko dute Abadiño, Iurreta eta Durangotik hiru emanaldietara gerturatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!