"Kantua eginda zegoela ematen zuenean, beste buelta bat gehiago eman diogu"

Anboto 2014ko mar. 15a, 09:00

Josu Abaunza, Unai Abaunza, Mikel Urresti, Mikel Azkarate-Askasua eta Iñaki Urresti dira Ghettoko taldekideak
'Erolution' diskoa aurkeztuko du Ghettok martxoaren 29an, Plateruenean. Aurkezpen horren haritik Ghetto taldeko Josu Abaunza, Unai Abaunza, Iñaki Urresti, Mikel Urresti eta Mikel Azkarate-Askasuarekin elkartu da 'Anboto'. ; Yoko Out Durangaldeko taldea ere ariko da Platerueneko kontzertu horretan, izan ere, Yoko Out-ek ere disko berriko du estreinatzeko.

 

Noiz eta zelan sorturikoak dira disko honetako kantak?

Mikel Azkarate-Askasua: Ghertzainak proiektua geldialdia izan zen sortzaile gisa. Horren ostean, Iñaki bueltatu zenean, heldu genion sorkuntzari.

Unai Abaunza: Iñaki bueltatu zenean, Ghertzainaketik gentozen, kontzertuak ematetik. Hori amaitu zenean sortu zitzaigun kantak sortzeko gogoa. CD bat egin gura genuela argi geneukan, ez genekien arren zelakoa; zerbait berria nahi genuen.

Iñaki Urresti: 2012an bueltatu nintzen ni, eta 2013an hasi ginen CD berria sortzen. Aurrekoa baino bereziagoa egin gura genuen, eta presarik barik aritu gara. Gauzak sortzen joan dira, behar zuten denboran.

 

Gozagarria izan da sorkuntza?

U.A.: Aurreko diskoa behartuagoa zen, zelanbait, eta libreago jardun dugu honetan. Koadro bat balitz bezala joan gara koloreak gehitzen. Nik uste dut CD honetan beste paper bat hartu dugula kantuak sortzerako orduan: eszena bat imajinatu eta guztiz libre jardun dugu. 

I.U.: Salto bat egon da aurreko diskotik hona. Kantak landuagoak dira; gustura egon gara sortzen, eta inspirazioa etorri da, baina ez gara konformatu lehenengo ideiagaz. Kanta eginda zegoela zirudienean, beste buelta bat gehiago eman diogu.

 

'Erolution' kanta izan liteke diskoaren laburpena?

U.A.: Aurretik entzun bako terminoa da, revolution berbagaz jokatuta sorturikoa, eta gustuko dugu. Mikelek egindakoa da kanta horren letra, eta giro baten deskribapena da, zelanbait. Lehenengo CDan neuk egin nituen letra guztiak, eta honetan gehiago gozatu dudala esango nuke, besteak beste, lan hori Mikelekin banatu dudalako, gogaitu barik jardun garelako.

 

Zelan eman duzu letrak sortzeko pausoa, Mikel?

M.A.-A.: Idaztea gustatzen zait, eta apur bat Unaik bultzatuta hasi nintzen. Bi-hiru letra neureak dira. Batzuk etxetik lotuta ekarri ditugu, baina beste batzuk lau eskutara egin ditugu.

U.A.: Musikarekin egiten den moduan, letrekin ere, ideia ekarri, eta denon artean moldatu dugu. Entsegu lokalean joan gara hainbat letra garatzen.

 

Ez da oso ohikoa gurean musika talde batek letrei horrelako garrantzia ematea.

U.A.: Guk gero eta garrantzi handiagoa ematen diegu letrei. Mikrofonotik lau lelokeria esateak edo adierazi nahi duzun hori esateak ez du zerikusirik. 

M.A.-A.: Abestiaren parte handi bat letra da, eta nahiz eta gureak abstraktu samarrak ere badiren, mezu bat botatzeak talde bezala definitzen zaitu.

U.A.: Letrekin ere koadroa margotzen ibili gara: ezer zentsuratu barik, dena librean ateratzen utzi dugu. Baten batek esango du letrak ez dituela ulertzen, eta esango diogu hori dela nahi duguna. Ez da zertan dena ulertu!

 

Aurreko diskoarekin alderatuta, zer berritasun dakar honek?

U.A.: Nahasketa Azkaraten egin izana bada salto bat. Soinu aldetik beste indar eta freskotasun bat eman die kantei. Letretan, Ghettoagoa da. Diskoa biribilagoa denik ez dugu esango. Neurtu dut, eta diskoak aurrekoaren erradio bera du [barrez], baina salto bat bada.

I.U.: Disko hobea da.

 

Zelakoa izango da Platerueneko aurkezpen kontzertua?

U.A.: Disko berriko kantak, aurreko diskoko beste hiru-lau kantaren moldaketak, eta bertsio batzuk joko ditugu.

M.A.-A.: Eta sorpresa bisualen bat ere bagabiltza prestatzen. Baina ez dugu aurreratuko!

U.A.: Etxetik hurbil eta soinu onaga, Plateruenean aritzea aukera berezia da.

 

 

Diskoaren azala bezala, koloretsua eta "irekia" da Ghettoren musika 

Ibai Etxeberriaren diskoaren diseinua bezala, koloretsuak eta askotarikoak dira Ghetto taldearen Erolution diskoko kantak. Baina Iñaki Urrestiren berbetan, “kantak banan-banan entzunda, egia da ukitu desberdina duela kanta bakoitzak. Baina, era berean, egia da diskoak lerro bati jarraitzen diola: gure soinua, Ghetto soinua. Nabaria dena da taldekide bakoitzak bere gustuko ekarpena egin gura duela. Horrela lortzen da itxuraz oso desberdinak diren zatiek batasun bat osatzea”.

Ghettoren disko berriaZail egiten zaie taldekideei egiten duten musika zelakoa den berbaz adieraztea. “Irekia” dela uste dute, batez ere, eta ez dute nahi estilo zehatz batera itxi. Ez dute mugarik nahi. Erolution kanta izan daiteke horren erakusle: brometan hasi zen Unai abeslariareggaeestiloko ahots jokoak egiten, eta emaitza gustatu zitzaienez, horrela utzi dute. Kontatu digutenez entseguetan jolasean ateratakoak dira kanta batzuen oinarri erritmikoak. Motibagarria zaie libre, mugarik barik jardutea. Unai Abaunza taldekidearen berbetan, “oso urruti ailegatu zaitezke horrela”. Baina hautu bat egina du Ghettok: argitaratzen dituen kanta guztiak euskaraz izango dira.

Durangon, Intxaurre tabernan eta Hitz liburu dendan,  Abadiñon Abarkateruena tabernan, eta Elorrion Parra tabernan ipini dituzte diskoak salgai. Interneten, Spotify eta Itunes plataformetan ere deskargatu daitezke kantak. Taldearen webgune berria honako hau da: www.ghettotarrak.net.

 
 

 

 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!