'Odolaren deia' liburua aurkeztu du Iñaki Irasizabalek

Anboto 2014ko martxoaren 10a

Bederatzigarren nobela kaleratu du Zornotzan bizi den Iñaki Irasizabal (Durango, 1969) idazleak, Elkar argitaletxeagaz. Donostian egin zuen joan zen astean liburuaren aurkezpena.

 

Irasizabalen aurreko nobeletan bezala, delituak, hilketak zein azpijokoak presentzia handia daukate Odolaren deia liburu honetan ere. Aurkezpenean azpimarratu zutenez, "egilearen begirada eta kontaera bereziari esker, ilunabarrean etxeko teilatuan zigarroak erre eta garagardoa edatea bezain eguneroko eta naturalak izan daitezke xantaia eta ustelkeria".

Gaztetatik elkarren berri izan ez duten anai bi dira eleberriaren protagonistak. Denbora luzez elkarren berri jakin barik egon dira, eta aitaren heriotzak elkartzen ditu berriro. Liburuaren sinopsian protagonistei buruz azaltzen denez, "nerabe zakar eta bortitzak izan ziren biak behinola: gazteenak ganorabako samarra izaten jarraitzen du, asteburuetako zerbitzari gisa bizimodua nola-hala ateraz", eta zaharrena, aldiz, "guraso zintzo eta eraikuntzako negozio-gizon serio bihurturik dago. Enpresariak kamareroaren laguntza behar du ordea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!