Haurrentzako eta gazteentzako arte eszenikoen Feten jaialditik bi sarigaz bueltatu da Marie de Jongh antzerki konpainia euskalduna. Batetik, Javier Renobales Zornotzako aktoreak interpretazio onenaren saria jaso du, Kibubu antzezlanean Xebas pailazoa antzezten egin duen lanagatik. Antzezlan horretarako egindako lanagatik, karakterizaziorik onenaren Feten saria ere eman diote antzerki taldeari. Sari garrantzitsuak dira Jokin Oregiren dramaturgia eta zuzendaritza daukan Kibubu lanak Feten jaialdian jasotakoak.
Errespetua eta askatasuna ditu Kibubuk gaitzat, eta Xebas eta Cocó pailazoak dira obrako protagonistak: arrakasta handirik lortu ez arren, ilusioa sobera duten artistak. Testurik bakoa da obra, eta 5 urtetik gorako umeei dago zuzendua. Apirilaren 13an, Durangoko San Agustinen eskainiko dute Kibubu.
Gijonen (Asturias) banatu zituzten sariak, joan zen barikuan, eta Valentziako Maduixa Teatre konpainiaren Dot antzezlanak eraman zuen 2014ko umeentzako antzerki ikuskizun onenaren saria. Guztira, hamalau sari eta aipamen berezi bat banatu ditu Feten jaialdiak. Lehehenengoz, kaleko antzerki lan onenari ere saria eman diote.