Durango Kirol Taldeko Orkatz Beitia atletak atletismora hurreratzeko sekula ez dela berandu erakutsi gura du, joan zen astean abiatu zuen egitasmo baten bidez. "Askok uste dute atletismoan aritzeko gaztetatik hasi beharra dagoela, bestela berandu dela; baina ez du zertan horrela izan, eta ideia horrekin apurtu gura dugu. Ez dago kirola praktikatzen hasteko adin txarrik".
Proiektuko ideiak Durango Kirol Taldeko entrenamendu batean du sorburua, edo zehatzago esanda, entremendu horietan zebiltzan gaztetxoen zain zeuden gurasoen arteko komentarioetan: "Zain egoten aspertu egiten zirela, eta zerbait egiteko aukera eskertuko luketela adierazi zuten; hortik hasi nintzen kontuari bueltak ematen".
Ideia hori oinarri hartuta, egitasmoa prestatu, martxan ipini eta lau lagunek eman dute izena oraingoz. Asmoa da apurka-apurka hasi, eta atletismoan hasteko prestakuntza orokor bat eskaintzea: korrika egiteaz gainera, teknika landu, hesien bidezko mugikortasuna jorratu, eta giharrak lantzeko ariketak egingo diuzte, adibidez. Ondoren, baten batek modalitate espezifiko batean trebatu gura badu, beste egun batzuetan entremendu pertsonalizatuak eskaintzea da helburua.
Astean egun bitan
Oraingoz, astearte eta ostegunetan batzen dira, 17:00etatik 18:00etara, Durangaldeko Amankomunazgoak Durangon dituen azpiegituretan. Asmoa da, jende berria gehitzen doan heinean, egun bietako goizetara ere zabaltzea; horrela, atletismoa laneko ordutegiarekin bateragarri egitea ahalbidetuta. Izena-ematea e-mailez egin daiteke: orkatzbeitia@gmail.com.