Gaurko eta hemengo errealitatera egokituta, 'Hamlet', Durangaldean

Anboto 2014ko mar. 1a, 09:01
Lepo bete dira antzokiak orain arteko emanaldietan.
Oraindik ikusi ez dutenek aukera bikoitza dute asteburu honetan 'Hamlet' Durangaldean ikusteko: Elorrioko Arriolan eskainiko dute emanaldia, gaur, 19:30ean, eta Otxandioko herri eskolako gimnasioan, domekan, 19:00etan.

 

Azaroan estreinatu zutenetik Euskal Herriko kultur etxe, antzoki eta areto askotan ikusgai izan da Hamlet antzezlana. Lepo bete dira aretoak Artedrama, Dejabu eta Le Petit Théâtre de Pain taldeek elkarlanean sorturiko lanaren orain arteko emanaldietan: sarrera guztiak saldu dituzte saio askotan, eta emanaldi bat baino gehiago egin dute hiriburuetan.

William Shakespeareren Hamlet klasikoaren moldaketa da antzezlana, eta Xabier Mendigurenek egokitu du testua. Ximun Fuchs da zuzendari, eta Ander Lipus, Ainara Gurrutxaga, Manex Fuchs, Maika Etxekopar, Iñaki Ziarrusta, Miren Tirapu eta Urko Redondo aktoreek egiten dute bertan lan. Shakespeareren pertsonaia, XXI. mendean, Euskal Herrian kokatzen du obrak, eta, esaterako, munduaren eromena eta politikaren "gezurra, jukutria, kalkulua eta diru-gosea"erakusken ditu.

Mikrotailerrak
Ikusle izateaz gainera, arte eszenikoak oholtza gainetik gozatu gura dituztenentzako proposamena luzatu du Elorrioko antzokiak. Lau ikastaro eskainiko dituzte urte hasiera honetan.

Joan zen astean abiatu zuten, adibidez, Natxo Monterok eskainiriko dantza garaikidearen gaineko ikastaroa. Martxoan, Inprobisazioa; sormenerako abiapuntua ikastaroa egingo dute, Itziar Zoritaren eskutik, eta ipuin kontaketen ikastaroa emango du Alekos kolonbiarrak, apirilaren 10ean eta 11n. Antzerkiko clown teknikari buruzko ikastaroa ere izango da, maiatzaren 7tik 21era bitartean.

 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!