Euskal kulturgintzaren kezkez eta helburuez hausnartuko dute Guk gEUre Kultura jardunaldian

Anboto 2014ko ots. 24a, 09:00
Otsailaren 27an, Durangoko Landako Gunean izango da egun osoko topaketa

 

Durangoko Landako Gunean ipini dute hitzordua Guk gEUre Kultura ekimena bultzatu duten eragileek, iritzi eta proposamen trukerako. Durangoko Azokako Ahotsenea sortzaileen gunea, Eskena (Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak), Karraskan sortzaileen elkartea, Kultur Live (zuzeneko musika eskaintzen duten Euskal Herriko areto pribatuen elkartea) eta MIE (Musika Industrien Elkartea) dira Guk gEUre Kultura bultzatzen dihardutenak. 

Otsailaren 27an, 09:30ean hasi eta 18:00etara arte jardungo dira parte hartzaileak kulturaren egungo egoeraren diagnosia egin, eta etorkizunari buruzko kezkak eta helburuak elkarrekin konpartitzen. 

“Guk kezka bizia dugu euskal kulturaren egoera dela-eta, zerbait egin nahi dugu, eta martxan gaude dagoeneko”, diote Durangoko egueneko topaketaren bultzatzaileek. Euskal kulturaren beharrizanak, aukerak eta erronka estrategikoak zeintzuk diren adostu gura dute Landako Guneko topaketa horretan.

Euskal Herrian kulturgintza bizi duten norbanakoak elkartzera eta bakoitzak bere eguneroko jardunetik ekarpenak egitera gonbidatu dituzte hitzorduaren antolatzaileek. Sorkuntzaren arlo guztietako artistak geukguneirekia@gmail.com helbidean izena ematera deitu dituzte antolatzaileek. Herri mugimenduko zein arlo publiko edo pribatuko kultur emanaldien antolatzaile eta bitartekariak, horien hartzaile aktibo eta kezkatuak, hezkuntzako eragileak eta komunikabideetako langileak ere gonbidatu dituzte topaketan parte hartzera.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, “gune irekia” deritzon metodologia baliatuko dute solasaldietan. “Iritzi truke zabal eta sakon bat” bultzatu gura dute, eta “egungo egoera larriarentzako konponbide emankorrak adostu”. Horretarako, “talde sormena, parte-hartzea, emankortasuna eta autoeraketa” erabili gura dituzte. 

Kulturgintzari loturiko denetariko gaiak eta ekintzak proposatu eta abiaraztera gonbidatuko dituzte parte-hartzaileak. Eta gai horien inguruan sakontzeko, 90 minutuko solas tarteetan antolatuko dituzte jardunak. Landako Guneko topaketa horretako solasaldietako ekarpenen idatzizko txostena osatuko dute egunean bertan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!