Urte betea bizi izan dute iazkoa Audience taldeko gernikarrek. Big Affair izeneko diskoa plazaratu zuten urte amaieran. Abuztuan AEBtako WaterMusic Recorders estudioan grabatu eta nahastu zuten, John Agnello teknikariaren laguntzagaz. Lan hori, kanta berriak, zuzenean aurkezten dihardute han-hemen orain, eta helburu horregaz datoz zapatuan, Durangora ere.
Datozen hilabeteak horretan eman gura dituzte, Hannot Mintegia taldekideak azaldu duenez. Kontzerturik kontzertu. "Gure gustoko erritmoan gabiltza", dio Mintegiak: "Beti jotzeko prest, baina bestelako proiektuetan ere sartuta". Esaterako, bertsioen disko batean ere kolaboratu berri dute.
Plateruenean hainbat aldiz jo du Audiencek, lehenago ere. Azkenengoz, Gaizka eta Ager Insunza taldekideak izan ziren Kantuaren Kantoia zikloan.
"Ingurukoetatik gehien gustatzen zaidan aretoa da Plateruena", dio Mintegia gitarristak:"Bertan jotzea oso gozagarria da, eta oso gogotsu gaude Durangora etortzeko".
Le Noise talde bilbotarrak zabalduko du Platerueneko zapatuko emanaldia. Mintegia Audience-ko gitarristak azpimarratu duenez, "instrumentala asko lantzen duen taldea da Le Noise, eta kontzertu intentsoa izango da, seguru, zapatukoa".
Disko berriak kaleratzen jarraitu arren, aurretiko lana oso presente daukan taldea da Audience. Horrela kontatu digu Mintegiak, esaterako, zapatukoa disko berriaren aurkezpena izan arren, ez dituztela kantu berriak bakarrik joko. "Gure ibilbideari errepasoa egingo diogu; kanta gehienak azken bi diskoetakoak joko ditugun arren, egingo dizkiogu keinuak Amerikanuak lanari, eta pare bat bertsio ere joko ditugu".
Euren ustez "kontzertu ideala litzatekeena" sortzen saiatzen dabiltza Audience-eko taldekideak: "Abestien ordena onena, kantuen arteko loturak zelan ondoen egin..." bilatzen. Hannot Mintegiaren berbetan, "asko disfrutatzen dugu horretan ere, eta azken aldian gehiago ibili garenez estudioko lanean, topera disfrutatuko ditugu datozen hileetako emanaldiak".
Urteko diskorik onenen zerrendan aipatu dute musikan espezializaturiko hainbat komunikabidek Audience-en Big Affair. “Jendeak diskoari egin dion harreragaz oso pozik” daude gernikarrak. Big Affair taldearen inoizko “diskorik osoena” dela pozik entzun dute taldekideek. Diskoak egin ahala, zuzenekoetan ere hobeto funtzionatzen duten kantuak egiten dituztela sentitzen dute.
Gaizka Insunza taldekideak Capsula taldeagaz ezagutu zuen estudioan grabatu zuten udan Big Affair. Euskal Herritik kanpo grabatzera joan ahal izatea lortzea, "konplikatua" izan zela azpimarratu du Mintegiak. "Bakoitzak gure lana daukagu, ez gara musikatik bizi, eta oso zaila da bidaiarako datak zehaztu eta taldekide guztion egutegiak koordinatu ahal izatea. Grabatzera AEBtara joan ahal izatea opari bat izan da guretzat; hainbeste denbora taldekide izanda, esperientzia oso polita izan da".
Kantak eta diskoak sortzen, zein zuzenekoetan asko disfrutatzen dutela dio Hannot Mintegiak. "Gauza berriak egiten". Amerikanuak-ekin urratu zuten bidean, datorren urtean lantalde beragaz beste soinu banda bat egitea da taldearen hurrengo plana. Jai Alai Blues izena du, eta zestapuntari buruzkoa da.