Zornotza, Abadiño, Durango eta Iurretako udaletako Gazteria sailek iaz martxan ipinitako musika sariketa da Durangaldeko Maketa Lehiaketa. Elorrioko eta Atxondoko musikariz osatutako Kilauea taldeak eraman zuen iazko lehenengo edizioan lehiaketaren 1.800 euroko lehenengo saria, eta Iurretako Krome musika taldeak euskarazko kanturik onenaren 500 euroko saria.
Aurten, talde irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du, eta euskarazko kantarik onenak, iaz bezala, 500 eurokoa.
Otsailaren 10etik martxoaren 10era arte eman ahalko dute izena parte hartu gura duten taldeek. Horretarako eskari orriak www.ametxgazteria.net helbidean deskargatu, eta beteta bidali beharko dituzte taldeek gazteriainfo@ametx.netera.
Lehiaketaren inguruko informazio gehiago gura duenak gazteinfo@ametx.net helbide elektronikoan lortu dezake, edo Abadiñoko, Durangoko eta Iurretako udaletako gazte zerbitzuetara deituta eskatu dezake.
Estilo guztietako musika egiten duten taldeei zuzenduta dago Durangaldeko Maketa Lehiaketa. Parte hartzeko baldintzak dira ezelako zigilu diskografikogaz argitaratutako diskorik ez izatea eta diskografia kontraturik ere ez edukitzea. Bestalde, lehiaketara aurkezten diren taldeko kideen erdiek, gutxienez, 18 eta 35 urte artekoak izan behar dute. Musikari batek ezingo du lehiaketan talde batean baino gehiagotan parte hartu.
Antolatzaileek azaldu dutenez, sariak banatzerako orduan, besteak beste, "ahotsaren nortasuna, exekuzioaren kalitatea eta konponketen aberastasuna, eta taldeek zuzenekoan erakusten duten potentziala" hartuko ditu epaimahaiak aintzat. Musikaren arloko profesionalek eta lehiaketa hau antolatzen duten udaletako teknikariek osatuko dute Durangaldeko Maketa Lehiaketako epaimahaia.
Lehenengo, izena ematen dutenetatik bederatzi talde aukeratuko dituzte, eta Zornotzako Zelaieta aretoan eskainiko dute kontzertua. Eta bigarren edizio hau biribiltzeko, sari banaketa eta talde irabazleen kontzertua izango dira maiatzean.