Sasikoak eta Mallabia Tabirakolor taldeek denboraldi hasierako helburuak trukatu egin dituztela ematen du. Hirugarren Mailara igo berria den Sasikoak mailari eustea zuen helburu, baina bigarren itzulia aurrera doala, seigarren kokatuta dago; goialdean dabil eta Koparako sailkatzea gura dute sasikoako jokalariek, aurreneko zortziren artean geratuta. Mallabiak proiektu indartsua abiatu zuen, aurten ezin bazen, datorren urtean mailako oilarrekin borrokatzen ibiltzeko helburuarekin. Baina datorren denboraldian beharko du; hamargarren kokatuta, goiko postuetatik urrun dagoelako oraingoz. Testuinguru horretan derbia jokatuko dute gaur, 18:00etan, Zaldibarren.
Lehen itzulian Sasikoak 7-3 irabazi zuen. Juan Carlos Carreraren gidaritzapean, Sasikoa espero baino hobeto dabil. Martxorako batzea aurreikusten zuten puntu kopurua kasik batu dute dagoeneko. Euskal Ligan zebilen Abadiñoko Lagun desagertu ostean, han zebiltzan lau jokalari Sasikoa taldera joan dira, eta horrek taldea hobetu egin duela onartu du Carrerak.
Mallabia Tabirakolor, aldiz, ez dabil espero zitekeen mailan. Gainera, azken bost partiduetan ezin izan dute jokatu titularretako askok. Horrek ere eragin du taldearen errendimenduan. Esaterako, joan zen asteburuan Tolosan jasotako porrotean (8-2 Laskorainen aurka) lehen taldeko bost jokalari bakarrik izan ziren jokatzeko moduan. Horren arrazoia –lesioez gainera– abenduaren erdian Mallabiak eta Zarauzko Uxoa taldeak jokatu zuten partiduan dago. Epaileak Mallabiko hainbat jokalari egotzi zituen. Mallabiko jokalarien eta bi epaileetako baten arteko giroa asko nahastu zen partiduak aurrera egin ahala. Epaileak kantxan jazotakoekin eta entzundakoekin osatutako akta aztertu ondoren, Espainiako federazioak hainbat partidutako zigorra ezarri zien jokalari batzuei. Kontua da epaile hori Sasikoa klubeko organigraman egona dela, nahiz eta gaur egun laguntzaile lez bakarrik diharduen. Arrazoiagaz edo gabe, horrelako gertaerek mesfidantza sortzen dute, eta Mallabikoek diote aktak ez duela zuzen jaso orduan gertatutakoa.
Kontuak kontu, entrenatzaile biek kirol arlora bideratu dute arreta. Derbi beroa aurreikusten dute, baina hiru puntu garrantzitsu jokoan egongo direlako bakarrik.