Beti mugan, baina berriz barruan

Anboto 2013ko aza. 27a, 10:06

Barkatuko didazue, baina ez dut bi saioen kronikarik egingo, hiru arrazoirengatik: ez naizelako objektibotasun batetik egiteko gai; ez dudalako leku nahikorik; eta buruak ez didalako hori eskatzen

Barkatuko didazue, baina ez dut bi saioen kronikarik egingo, hiru arrazoirengatik: ez naizelako objektibotasun batetik egiteko gai; ez dudalako leku nahikorik; eta buruak ez didalako hori eskatzen.

 

Badira hilabete batzuk Unai  Iturriagari eta Igor Elortzari (hasieran Erika Lagomari ere bai) txapelketarako prestakuntzan laguntzen ari garela lagun talde bat. Bide luze bezain gogorra txapelketa bat prestatzearena, ezin duzue imajinatu. Norberaren egiteko gogoa eta jendeak zutaz espero duena elkartzen dira sarritan, nahiz eta, batzuetan ez bat egin. Hori gertatu zitzaion Unairi Elizondon, berak mugan ikusten zuen bere burua (kanpoan esango nuke, agurra entzunda), baina beste askok finalerako aukera askorekin ikusten genuen saioa amaitu eta puntuak eman aurretik. Saio osoa izan zen berea, eman behar zenean  emanda (10eko handian, 10eko txikian eta kartzelan) eta eutsi behar zenean eutsita (8ko txikian eta puntuka), nahiz eta, bi ariketa horietan ere perla batzuk utzi: 8ko txikiko lehen bertsoa, adibidez. Azkenean, puntuaketek arrazoi eman ziguten, eta Unai finalean izango da seigarrenez jarraian. Hori da hori marka, mutil! Zorionak eta disfrutatu, merezi duzu(e) eta!

 

\"\"

 

Donostiakoa bukatu eta gero, eta lau urte itxaron eta gero, berriz barruan, final handian izango da Igor. Zorionak zuri ere! Lan bikaina egin du Igorrek txapelketa hasi zenetik, saio guztietan: Tolosakoan oso goitik, eta Donostiakoan goitik. Nabari zitzaion aurtengo txapelketan zer edo zer handia egiteko gogoa, eta, kontuz, oraindik finala dauka-eta bere dohainak berriz ere erakusteko. Donostiako saioan zer egiteko gai den erakutsi zuen, baina ni kartzelako lanarekin geratuko naiz. Doinu berrian osatutako lana, eta nolako hiru bertso eder, gainera.

 

Beraz, berriz ere durangar bi izango dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean. Han izateko aukerarik ez duzuenok, jakin, finala pantaila handian ikusteko aukera izango duzuela Plateruenean, eta goazenok disfrutatu dezagun, ahaztu gabe Mauleko finalerdia falta dela.

 

P.D.: Saioen kronika nahi duenak, www.bertsoa.com atarian entzun ditzala bertsoak, eta bere analisiak egin ditzala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!