Kolonbiako Nasa herriko kideak Durangoko hainbat ikastetxe bisitatzen ibili dira. Euskal Herrian Hizkuntzak biziberritzeko estrategiak aditu titulua lortzeko ikasten dabiltza Zenaida Isco, Jose Yu’kwe Pe’te eta Viviana Gonzalez.
Zenaida Isco lehen hezkuntzako irakaslea da, Jose Yu’kwe Pe’te eta Viviana Gonzalez, hizkuntza sustratzaileak. CRIC Consejo Regional Indigena del Cauca elkarteko kideak dira hirurak. Andoni Barreña hizkuntzalariagaz Kurutziaga ikastolara bisita egin eta gero erantzun dituzte galderak.
Irakaslea zara zu, Zenaida. Zer egoeratan dago nasa yuwe hizkuntza hezkuntza arloan?
Z.I.: Ni LHko irakaslea naiz, eta nire hizkuntza idazten, irakurtzen eta berba egiten irakasten dut. Nire komunitatean ume askok ez dakite nasa yuwe hizkuntza. Historian, debekatu egin dute gure hizkuntza, eta gurean, helduok hitz egin hitz egiten dugu, baina guraso askok ez diete seme-alabei transmititzen. Gurean hondamendi natural bat izan genuen, lur-jausia, eta gure lurrak utzi behar izan genituen. Lurralde berrian, gaztelaniak nagusitasun handiagoa dauka, eta transmisioaren eten hori nabariagoa da.
Nasa yuwe hizkuntzaren aldeko jarrerarik badago?
Z.I.: Gure kasua oso gogorra da, gure artean gatazkak sortu direlako. Familiek pentsatzen dute garrantzitsuena gaztelania oso ondo ikastea dela, eta gure hizkuntza atzerapenagaz lortzen dute. Galdetzen digute ea zergatik molestatzen dugun horrenbeste hizkuntza indartzearen gaiarekin. Motibazio tailerrak egiten gabiltza jarrera horiek aldatu guran. Eskolan umeek ikasten dute, baina eskola soilak ez du umeek nasa yuwez berba egitea bermatzen. Laster, 2 urtetik 6 urtera bitarteko haurreei nasa yuwe hutsezko eskolak eman nahi dizkiegu.
Lekuaren arabera, hizkuntzaren egoera desberdina da, ezta?
Jose Yu’kwe Pe’te: Nire komunitatean, hizkuntza egunerokoa da etxean eta espazio sozialetan. Umeei, gainera, kostatu egiten zaie gaztelaniaz berba egitea. Eskolan irakasle batzuek nasa yuwez hitz egiten dute, eta testuingurua hobea da.
Viviana Gonzalez.: Beste leku batzuetan txarragoa da. Toribido inguruan, nasa yuwe hiztun bakarrak aitita-amama batzuk dira. Inguru horretan galdu egingo da ziurrenik.
Jose Yu’kwe eta Viviana, zuek hizkuntza sustatzaileak zarete.
JY. P.: Bai, hizkuntza eta kultura sustatzaileak gara. Familietara, eskoletara eta komunitateko asanbladetara joaten gara, eta hizkuntza erabiltzearen garrantziaz berba egiten dugu. Ikerketan ere egiten dugu lan, material propioak egiteko eta nasa yuwe hizkuntzan galtzen dabiltzan hitzak, toponimia... ikertzeko. Diagnostiko bat egiten ere bagabiltza, erabilpenari buruzko datu estatistiko batzuk edukitzeko. Prozesua 2011n hasi genuen ACIN [Cauca iparraldeko nasa herriaren elkartea] erakundearen barruan.
Esperientzia pilotu bat hasi duzue ume txikienekin.
JY. P.: Bai, Luu x le’ xkwe. Eskolen aldean, oso desberdina da; kulturako balioak bizitzeko esperientzia izatea gura dugu. Nasa Yuwez funtzionatzen du guztiak. Hezitzaile guztiak dira hiztunak. Bertako elikagaiak bultzatzen ditugu, eta kulturan murgiltzea da helburu nagusia. Umeen ama hizkuntza gaztelania da, eta hasi gara emaitzak ikusten.
Durangoko Udalagaz elkarlanean, udan, bertoko irakasle bi joan ziren formazio saioak egitera. Zer moduz?
V.G.: Harrigarria izan zen, eurentzako zein guretzako. Lehenengo Luu x le’ xkwe ikustera eroan genituen, ongietorria emateko, eta orduan hasi zen esperientziak elkarrekin trukatzeko formazioa. Oso saio praktikoak izan ziren, jolas eta kantuen bidez, hemen euskara zelan transmititzen den kontatu ziguten. Aldi berean, kantuak sortu genituen Nasa Yuwez. Saio horiek sustatzaileekin egin genituen, eta baita, oraindik, nasa hizkuntzaren aldeko apusturik egin ez duten irakasleekin ere. Garrantzitsua izan zen, kontzientzia hartu zutelako umeen lehen urteetan hezkuntza nasa hutsez egitearen garrantziaz. Uste dut oso inportantea dela, ez bakarrik gu etortzea euskararen esperientzia ezagutzera, hemengo pertsonak hara joatea ere bai. Hemen hiru gaude, baina hara joanda, zabalkundea handiagoa da.
Andoni Barreña:Irakasleekin batera beste bi pertsona joan ginen, eta laurok harrituta geratu ginen. Itzela izan zen taldearen interesa, euren gogoa, motibazioa. Ez da ahaztu behar han bizi duten egoera soziopolitikoa oso gogorra dela. Indakeria dute alde guztietatik: armada, gerrilla, narkotrafikoa, paramilitarrak... Horrelako egoera batean bizi eta hizkuntzaren biziberritzean lan egitea gaitza da, eta nik asko miresten dut egiten duten lana, eta euren gogoa eta ilusioa. Gogo horretatik, eta baita natura, bizitza eta komunitatea bizi duten modutik ere, euskaldunok asko daukagu ikasteko.