Kartzelako saiorik onena, Amurizarena

Anboto 2013ko urr. 29a, 14:17

Saio polita izan zen larunbatean, Oionen: hainbat biderrez berotu zuten giroa bertsolariek

Saio polita izan zen larunbatean, Oionen: hainbat biderrez berotu zuten giroa bertsolariek.

 

Bertso saio polita gozatu genuen larunbatean, Oionen. Hiru bizkaitar Etxahun Lekue Etxebarria, Miren Amuriza Plaza eta Iratxe Ibarra Foruria, lapurtar bi Eneritz Zabaleta Apaolaza eta Maddi Sarasua Laskarai, eta arabar bat Manex Agirre Arriolabengoa. Izen eta bi abizenekin aurkeztu zituen bertsolariak Maite Berriozabal Berrizbeitia Berrizko gaijartzaile argiak. Bertsozale elkarteak ama ere kontuan hartzen du, amaren abizenez, ama ere badaukatela aditzera emanda. Pozten naiz. Bakoitzari berea!

 

Saio politaz gozatu genuen. Hainbat biderrez berotu zuten giroa bertsolariek txalo zaparradak lortuta. Amaieran saioa epela izan zela, goirik ez zuela jo eta horrelakoak entzun nituen. Bada, nire uste apalean, saio ona izan zen. Beharbada, Amuriza hobeto ikustea gura genuen, baina ez zuen bertso txarrik egin. Kartzelako saiorik onena berea izan zen, Manexegaz egin zuen saioan ekonomia-gizatasuna bikoteaz esandakoa, eta aberatsei botatako desioak “euren pisuaz (diruarena) erori bitez berandu baino lehenago” asko esaten du Mirenen izaeraz. Etxahunekin 8ko txikian bikain ibili zen. Etxahunek bidea eman, Mirenek hartu, eta Arte Ederretako ikaslerik onenak legez pintzela luzatu eta erabili zuen. Esan behar dena esan, eta gehiago aditzera emanda.

 

Eta Amurizaren hizkera? Garbia eta aberatsa “puri-purian”, “ateratzen zeure onetik”, “erori bitez” eta bestelakoak belarrien gozagarri. Zerbait zuzentzekotan bizkortxoago kantatzeko eskatuko nioke. Ez dakit bildurragaitik-edo, baina esanari distira kentzen diolakoan nago.

 

Puntuazioa? Amurizak usaindu zuen ez zela sailkatuko: “Eskerrik asko, gure bidea hemen amaitu da jada”. Animo Miren, zeuk esan legez, bide bakarra aurrera egitea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!