Elorrio eskubaloi taldea desagertu zenetik, Durangaldea seniorretako ordezkari barik zegoen; Jesuitak ikastetxean hainbat urtean egindako harrobi lanaren ondoren, aurten nagusien taldea sortu dute.
Nagusien mailako eskubaloiak talde bat du aurten Durangaldean. Orain urte batzuk, Elorrioko emakumeen taldea desagertu zenetik eskualdea ordezkari barik zegoen adin nagusietan, eta hutsune hori emakumeen beste talde batek beteko du aurten: Ibaizabal eskubaloi taldeak.
Jesuitak ikastetxean urtetan egin duten harrobi lanaren ondorioa da aurten Euskadiko bigarren mailan ari den taldea. Behe-behetik hasi ziren, eta gaztetxoak hazten zihoazen heinean, nagusien mailara arteko egitura osatzen joan dira apurka-apurka. Gaur egun, eskola-kiroleko lau talde dituzte: benjaminetan bat, kimuetan bi eta haur-kategorian beste bat. Hortik gorako egitura, federatutako beste talde bik osatzen dute: kadeteek eta nagusien taldeak.
Guztira 17 jokalarik osatzen dute nagusien lehenengo taldea. Horietako zazpik oraindik gazte mailako adina dute. Entrenatzaile lanak Begoña Oscozek egingo ditu. Oscozek entrenatzaile nazional titulua du, eta esperientzia zabala dauka jokalari zein entrenatzaile legez. Bere aginduetara jokalari gazteak ditu, gehienak durangarrak, baina baita, esaterako, Abadiño eta Berrizkoak ere: “Horregatik aukeratu genuen Ibaizabal izena. Hainbat herritakoak diren jokalariak ditugu taldean, eta denen arteko lotura baten bila genbiltzan. Ibaizabal ibaia herri askotatik igarotzen da, eta izen aproposa iruditu zitzaigun”, adierazi du Oskozek. Entrenamenduak Landako kiroldegiaren (martitzenetan eta eguenetan) eta Jesuitak ikastetxearen (barikuetan) artean banatzen dituzte.
Oraingoz garaipenik ez
Euskadiko bigarren mailari dagokion ligako lau jardunaldi jokatu ditu dagoeneko emakumeen talde nagusiak, eta bertatik bertara ikusi ahal izan dute maila oneko taldeak daudela eta gaitza dela horiei irabaztea zein mailan nabarmentzea. Orain arteko lau partiduetan ezin izan dute garaipenik lortu. Hala ere, aurtengo helburu nagusia mailan finkatzea eta ikastea dira.
Asteburuan Leioako Quiron Askartza taldearen aurka jokatuko dute, etxetik kanpora. Askartzak hiru partidu jokatu ditu orain arte, eta horietako bat irabazi eta bi galdu egin ditu.