Bizkaiko harrobiko onenak Cafés Baqué txapelaren bila

Anboto 2013ko urr. 18a, 14:23

Aurten Bizkaiko pilotarietara mugatu dute txapelketa; lau onenek gaur, 19:30etik aurrera, gazte eta kadeteetako finalak jokatuko dituzte Durangoko pilotalekuan

Aurten Bizkaiko pilotarietara mugatu dute txapelketa; lau onenek gaur, 19:30etik aurrera, gazte eta kadeteetako finalak jokatuko dituzte Durangoko pilotalekuan.

 

Cafés Baqué pilota txapelketak hainbat nobedade izan ditu aurten. Batetik, Euskal Herri osoko pilotariak beharrean, Bizkaikoek bakarrik parte hartu dute, eta bestetik, jardunaldiak Durangaldera mugatu beharrean, Bizkaia osoko pilotalekuetara zabaldu dituzte. Aldaketa horien abantaila eta desabantailekin, txapelketak bere bidea egin du, eta gaur, 19:30ean, finalak jokatuko dituzte Durangoko Ezkurdi Jai-Alai pilotalekuan.

 

Finalerdietan Durangaldeko pilotarien borrero izan ziren Gorka Ibarrondo arrankudiagarra eta Aitor Etxebarria gernikarra neurtuko dira gazte mailako finalean. Lehenengoak Gorka Otaduy berriztarra kaleratu zuen finalerdietan, eta bigarrenak, Aitor Elordi mallabiarra. Final parekatua izateko osagai guztiak ditu, nahiz eta, Etxeberria faboritotzat jo daitekeen. Jokatzeko moduan ez dute zerikusirik batak eta besteak. Ibarrondo atzelaria da, eta ahal duenean botera jartzen da bere eskuina aprobetxatzeko. Aurrealdeko joko azkarrean gehiago sufritzen du. Jokamolde horretan Otaduyk lanak eman zizkion finalaurrekoan, eta ezin izan zuen finalerako txartela segurtatu berriztarrak fisikoki behera egin zuen arte.

 

Etxebarria, aldiz, aurrelaria da, eta ohituta dago koadro alaietako jokamolde bizira. Elordiren kontrako partiduan argi utzi zuen moduan, tantoa zirt edo zart amaitzeko ahalmena du inspiratuta dagoenean, eta oso pilotari arriskutsua da partiduko erritmoa berak ezartzen duenean. Horregatik da faborito, airez zein botez tantoa amaitzeko erraztasun handiagoa duelako. Botera ere ez da kamutsa. Bere dohainak argi erakutsi zituen orain zortzi egun, Zaldibarko Olazar txapelketan. Lau t’erdiaren barruan, berriro Elordi izan zuen aurrez aurre, eta 22-7 irabazi zion. Dena dela, gaur egun Bizkaiko harrobian etorkizunik oparoena duten pilotarietako bik neurtuko dituzte indarrak.

 

Kadeteetan parekotasuna

Kadeteetako finalak ere ez dauka faborito argirik. Finalerdiei erreparatuz gero, Ander Arandiak asko sufritu zuen Xabier Arrizabalaga kanporatzeko (18-16), eta Oier Etxebarriak, aldiz, airean irabazi zion Mikel Urizarreri (18-3). Baina Urizar bere mailatik behera ibili zen. Piloteoan nagusitzen denak gertuago edukiko du txapela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!