Madrilen epaituak izateko atarian

Anboto 2013ko urr. 13a, 08:17

Segi eta Herriko Tabernen epaiketak hasiko dira, eta Durangaldeko hiru lagun daude auzipetuta

Segi eta Herriko Tabernen epaiketak hasiko dira, eta Durangaldeko hiru lagun daude auzipetuta.

 

Datorren astean egoera politikoan zeresana emango duten epaiketa bi hasiko dira Madrilen: 26/11 eta 35/02 auziak, Segi eta Herriko Tabernen auziak, hurrenez hurren. Guztira 76 herritar epaituko dituzte, tartean Eñaut Aiartzaguena (24 urte, Iurreta), Ibai Esteibarlanda (28 urte, Elorrio) eta Enrike Alaña (Durango).

 

Astelehenean hasiko dira Aiartzaguena eta Esteibarlanda epaitzen. 2009ko azaroaren 24an atxilotu zituzten, beste 30 bat gaztegaz batera. Bost egun eman zituen inkomunikatuta Esteibarlandak: “Egun horietan torturatu, toperaino estutu, txikitu, eta hortik audientziara eta kartzelara eroan ninduten”. Aiartzaguenak akorduan dauka kartzelako denbora: “Hasieran kolpe handia izan zen, hilabete gogorrak pasa genituen”. Hamabost eta hemeretzi hilabetera askatu zituzten, 50.000 euroko fiantzapean.

 

Eta orain, epaiketa dator. Urduri daude, baina hasteko gogoz. “Gero eta beranduago hasita, bizitza gehiago baldintzatzen digu”, esan du elorriarrak. Hemendik eta abendura bitartean, hainbat egunetan joan beharko dute Madrilera, eta bizi egoera horrek baldintzatuko ditu, iurretarraren ustez: “Zer edo zelan lanean jarraitu guran zaude, eragileetan, herrian. Baina, aldi berean, mamu bat daukazu arrastaka eroaten zaituena”.

 

Segi gazte erakundeko kide izatea egozten die epaileak, eta horregatik sei urteko kartzela zigorra jaso dezakete. Espainiar justiziak Segi erakunde terrorista zela ebatzi zuen. Esteibarlanda: “Guk ez dugu esango ez genuela ezer egin. Atxilotu eta kartzelaratu bagaituzte zerbait egin dugulako da. Eta, gainera, harro. Egin dugu lana herrian, unibertsitatean, Euskal Herrian... Zilegi da bakoitzak bere ideiak eta jarduna defendatzea”. Aiartzaguena: “Herrian ezagunak gara, gazte mugimenduan eta eragileetan lan egin dugu. Guk beharrezkoa ikusten dugun lan bat egin dugu, Euskal Herriaren alde, eta bestelako jendarte eredu baten alde”.

 

Urriaren 20an urte bi beteko dira ETAk borroka armatua behin betiko utziko zuela iragarri zuenetik. Geroztik sarritan esan izan da aro berri bat bizi dela Euskal Herrian, baina ez dirudi Espainiak estrategia aldatu duenik. “Azken urteetan Ezker Abertzaleak konponbiderako pauso batzuk egin ditu, eta bigarren urteurren horretan Madrilen egongo gara. Epaitegi arrotz baten aurrean gure ideia politikoak defendatzen. Lehen ez zeukan zentzurik, eta orain gutxiago”, esan du Aiartzaguenak. Sententziari begira, ez daude baikor. Herri-presioa ikusten dute aukera bakar lez, eta herritarren konpromisoa batu gura dute. Bestalde, epaiketako prozesuan egingo duten lana konponbiderako pauso bat emateko baliatu gura dute. Esteibarlandak uste du ez dela azken “kolpea” izango: “Azken urteetan bakea lortu behar dela diotenei deia egin nahi diet, erasoei batera erantzuteko”.

 

Oinarri juridikorik ez

Eguenean hasiko da Alañaren epaiketa, atxilotu eta 11 urtera, aske geratu eta 10 urtera. Operazioa gogora dakar: “Garzon eta Aznarrek lasterketa bat zeramaten ea Herri Batasuna, EH eta Batasuna nork legez kanpo utzi. Garzonek erabaki zuen Herriko Tabernak ez dakit zeren finantzabide zirela, eta horren kontura egin zuen gure kontrako operazioa”. Hasieran, iruzur fiskala, kontabilitate bikoitza eta antzekoak egozten zizkieten, baita talde armatuko kide izatea ere. Orain, talde armatuari laguntzea leporatzen diete, baina gainerakoa desagertu egin da. “Akusazioak poliziak egindako txostenetan oinarritzen dira, eta hori hartzen dute frogatzat. Orain poliziak izango dira espezialista inpartzialak. Hori Europa osoan ez dago onartuta”.

 

Epaiketak ez dauka oinarri juridikorik bere ustez. Akusazio oso “kuriosoak” direla dio: “Nire kasuan, adibidez, Herri Batasunarentzat abokatu lez kasu batzuk eroatea audientzian bertan”. Zortzi urteko kartzela zigorra jaso ahal du. Arduratuta dago. Otsailera arteko epaiketa datak eman dizkiete, baina luzatu egin daiteke. “Bidaiak, lan arazoak, familiagaz hartuemanak urrundik edukitzea, kostu ekonomiko handia... gogorra izango da”.

 

Alañaren ustez, epaiketagaz partaidetza politikorako eskubidea urratzen da, eta egoera apartekoa da: “Normalizazioaren kontra doa; baita azken operazioa [Herrira-renaz dabil] ere. Eskubide urraketek jarraitzen dute. Euskal Herria beste koordenada batzuetan dago. Hori irudikatu behar zaio estatuari”.

 

 

 


Epaiketak kritikatzeko ekimenak egin zituzten domekan

Epaiketa bietan auzipetuta daudenek Libre izeneko dinamika zabaldu dute euren egoeraz informatu, eta herritarrak kontzientziatu guran.

 \"\"

Nazioartean ere badabiltza hartuemanak lantzen. Babesa jasotzen hasi dira, eta joan zen domekan, ekimen bi egin ziren Elorrion, Errebonbilo Eguna zela aprobetxatuta. Ernai gazte erakundeko kideek deituta, plazan amaitu zen manifestazioa egin zuten 80 bat gaztek. Erraldoi bati Mariano Raxoiren itxura eman, eta bere inguruan herri harresia eraiki zuten. Ekimen horren bidez, epaiketen aurka borroka egingo dutela adierazi gura izan zuten. Gainera, gatazkaren konponbidearen alde lanean jarraituko dutela azaldu dute prentsa ohar bidez.

 

Bestalde, hainbat herritar eta errebonbilok txapel laranjak ipini zituzten, Libre dinamikari atxikimendua adierazteko. Horrez aparte, aldarri hori zeukaten kamisetak jantzi zituzten, eta plazan pankarta handi bat eskegi zuten.

 

Laguntza eske

Segiren kontrako epaiketak 130.000 euroko kostua izango duela aurreikusi dute, eta Herriko Tabernenen auziak 700.000 eurokoa. Defentsa, garraioak, egonaldiak... Hainbat gastu dauzkate. Gainera, epaiketak luzatzen badira, handitu egingo da kopuru hori. Auzipetuek diruz laguntzeko eskaera egin dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!