Otadui eta Elordi Cafes Baque txapelketako finaletik kanpora geratu dira

Anboto 2013ko urr. 9a, 09:48

Atzo Amorebieta-Etxanon jokatutako finalerdietan Gorka Otaduik eta Aitor Elordik galdu egin zuten.

Atzo Amorebieta-Etxanon jokatutako finalerdietan Gorka Otaduik eta Aitor Elordik galdu egin zuten.


Urriaren 18an Durangoko Ezkurdi-Jai Alai pilotalekuan jokatuko diren Cafes Baque Pilota Txapelketako finaletan ez da Durangaldeko ordezkaririk egongo. Atzo Gorka Otadui berriztarrak eta Aitor Elordi mallabiarrak (biak Iurretako Olaburu Pilota Taldean dabiltza) galdu egin zituzten gazteen mailako finalerdiak.

Otaduik 16-22 galdu zuen Gorka Ibarrondo arrakudiagarraren aurka. Galduagatik partidu handia jokatu zuen berriztarrak. Ibarrondo faborito argia zen. Otaduik berak eta bere ingurukoek (bere aitak eta Josetxo Areito prestatzaileak) finalera sailkatzeko aukera gutxi ikusten zituzten partidua hasi aurretik. Baina Otaduik estuasun handietan ipini zuen Ibarrondo. Zazpinako berdinketaren ostean, 13-8 aurreratu zen. Etekin handia atera zien bere dohaiei: sakez lau-bost tanto egin zituen, pilota ederto baztertu zuen eta, noizerik noizera, tantoa gehiegi luzatu barik, (kolpez arerioa baino gutxiagoa zelako) dejada zehatzak egin zituen txokoan zein zabalean. Ibarrondo estu zebilen bera baino urtebete gazteagoa (16 urte Otaduik, 17 Ibarrondok) zen pilotariaren aurka.

Baina partiduko bigarren zatian Otaduik fisikoki behera egin zuen. Horrekin batera, Ibarrondok sakea berreskuratu zuenean errestoan hiru-lau huts garbi egin zituen. Batetik eta bestetik, Ibarrondok partiduari buelta eman zion eta 16-22 irabazi zuen. Arro egoteko moduko partidua jokatuagatik, Otadui bere buruagaz haserre zegoen partidu amaieran, batez ere errestoan eraman barik utzitako pilota horiengatik: “Baina erresto horiek kenduta, hobeto ezin dut jokatu”, adierazi zuen.

Aitor Elordi 12an geratu zen Aitor Etxebarria gernikarraren aurka. Orain gutxi, Bizkaiko buruz buruko txapelketan Elordik erraz menderatu zuen Etxebarria finalerdietan (ondoren, finala irabazi zion Otaduiri), baina orduko hartan Etxebarria eskuko minekin ibili zen. Partidu hasieran, 8-2 aurreratu zen mallabiarra. Piloteoan agindu egin zuen eta tantoa amaitzerako orduan fin ibili zen. Etxeberria, aldiz, hotz hasi zen. Baina sakea berreskuratu eta eskuinez pilota astintzen hasi zenean, partidua irauli eta goitik behera agindu zuen. Mota guztietako tantoak egin zituen eta Bizkaiko txapelketako errebantxa hartu zion Elordiri.

Eguen honetan Olazar pilota txapelketan (21:30ean Zaldibarren) berriro aurrez aurre izango dira Elordi eta Etxebarria, baina lau t’erdiaren barruan. Hilabetean buruz buru elkarren kontra jokatuko duten hirugarren aldia izango da.

 

Kadeteetan Arandia eta Etxebarria nagusi

Kadete mailetako finalerdiei dagokienez, lehenengo partiduan Ander Arandia arrankudiagarrak 18-16 menderatu zuen Xabier Arrizabalaga ondarrutarra (Markina pilota taldeagaz jokatzen du). Bigarrenean, Oier Etxebarria lemoarrak 18-3 irabazi zion Mikel Urizar markinarrari.

Beraz gazteetako finala Gorka Ibarrondok eta Aitor Etxebarriak jokatuko dute eta kadeteetakoa Oier Etxebarriak eta Ander Arandiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!