Berrizek zuzendaritza berria du, eta klubagaz aurrera jarraituko dute.
Bizkaiko hiru liga hasiko dira asteburu honetan eskualdeko bost taldegaz: Elorrio eta Iurretako Ohorezko mailan, Abadiño eta Zaldua Maila gorenean, eta Berriz Lehenengo erregionalean.
Iurretakok aurtengoa bigarren denboraldia du Ohorezko mailan. Iaz legez, mailari eustea dute helburu. Talde eraberritua dute; 13 jokalarik utzi dute Larrakozelai, eta beste hainbeste etorri dira. Horiekin batera talde teknikora Iban Lopez eta Tinoco batu dira: lehenengoa bigarren entrenatzaile lanean, eta bigarrena atezainen entrenatzaile.
Elorrio sei jokalarik utzi dute, eta lau ekarri dituzte: Jon Barredo (Elgoibarretik), Iñigo Uria (Iurretakotik), David Lobato (iaz areto-futbolean aritu zen) eta Beñat Kortazar (Kulturaleko gazteen taldetik). Joan direnei dagokienez, Jon Larrañaga izan da taldea uzten azkena: Hirugarren mailako Elgoibarren jokatuko du aurten.
Igoberri bi maila gorenean
Iaz Maila gorenera igotzea lortu zuten talde bi lehiatuko dira aurten: Zaldua eta Abadiño. Biek ala biek, mailari eustea dute helburu. Zalduak entrenatzaile berria du: Unai Letona. Aurreko zazpi urteetan Durangoko Kulturalean aritu da, eta gazte mailetako hainbat talde zuzendu ditu. Iazko taldeagaz alderatuta, hiru jokalari berri dituzte: Igor Arana (Iurretakotik dator), Borja Seara (Ermua taldetik), eta Julen Urkiza (Iurretako Btik).
Hamar urte dira Abadiñok Maila gorenean jokatzen ez zuena. Oier Gonzalezek darrai entrenatzaile, eta zazpi jokalari berri ditu taldean: Gorka Esteban (Iurretakotik), Jon Urien eta Beñat Goikoetxea (Amorebietatik), Xabier Unzueta eta Jokin Armero (gazteen taldetik), Julen Fernandez (Kulturaletik), eta Jon Barahona (Berriztik).
Berrizek bizirautea helburu
Azkenik, Berrizek Lehenengo erregionalean ekingo dio denboraldiari. Urrun geratu da Kulturalaren atzetik, eskualdeko bigarren talderik indartsuena zen sasoia. Aurten mailari eta klubari berari eustea dute helburu. Uztailean kluba desagertzeko zorian izan zen zuzendaritza batzordean erreleboa falta zelako. Udalak ere esku hartu zuen hainbat batzar deituz. Azkenean, zazpi laguneko talde batek hartu du gidaritza, eta Josu Aiartzaguena da presidentea.