Iturrietak ez du amaitu eta Trigueros bikain aritu da

Anboto 2013ko ira. 4a, 11:55

Mont Blanc-eko ultra trail prestigiotsuak zapore mikatza utzi dio Zigor Iturrietari (Euba, 1974, Durangon bizi da) eta oso goxoa Silvia Triguerosi (Barakaldo, 37 urte, Abadiñon bizi da). Iturrietak ezin izan du lasterketa amaitu; Trigueros, aldiz, bosgarren sailkatu da.

Mont Blanc-eko ultra trail prestigiotsuak zapore mikatza utzi dio Zigor Iturrietari (Euba, 1974, Durangon bizi da) eta oso goxoa Silvia Triguerosi (Barakaldo, 37 urte, Abadiñon bizi da). Iturrietak ezin izan du lasterketa amaitu; Trigueros, aldiz, bosgarren sailkatu da.

 

Triguerosentzat urteko hitzordu nagusia zen eta lasterketa hasi aurretik “oso urduri” zegoela onartu du: “Ordu asko eta askotako entrenamendua zegoen jokoan, horietako asko ezorduetan familiagaz egotearren”. Antolakuntzak faboritoen multzoan sartu zuen Trigueros eta horregatik aurrean irten zen.

 

Apurka korrikalariak aurreratzen joan zen eta 15. zihoala uste zuenean, lehen kontrolgunean bosgarren zihoala esan zioten: “Kostatu egin zitzaidan sinestea; lasterketa hasi besterik ez eta erritmo erosoan nindoan”. Hurrengo kilometroetan beste aurkari bigaz “orain neuk aurreratu, hurrengoan eurak ibili ginen”. 168 kilometroko lasterketa luzean ohikoa den moduan ibilbidean zehar hainbat bidelagun izan zituen Triguerosek, Erlantz Zaldunbide iurretarra, esaterako. Beragaz egin zituen kilometro batzuk.

 

Pattaldi bi ere izan zituen: lehenengoan, nekeak eraginda, bere buruagaz borrokan ibili zen: “Zer egiten dut nik hemen, pentsatu nuen”. Bigarrenean sabeleko arazoak izan zituen: “Ezin ezer jan! Ez nuen jateko gogorik”. Pattaldi biak gainditu eta 140. kilometroan “seguru nengoan ultratraila amaituko nuena”. Azkenean 28 ordu 13 minutu eta 12 segundo erabili zituen ultra traila osatzeko eta bosgarren sailkatu zen. 

 

 

Iturrieta ezinean

Zigor Iturrietak ezin izan zuen ultra traila amaitu. Parte hartzen zuen laugarren aldia zuen. Aurreko hiru aldietan eguraldi txarraren ondorioz ibilbidea laburtu egin zuten. Horietako batean hirugarren sailkatu zen arren, ultra traila bere ibilbide osoan behingoz osatzeko gogoa bizia zuela adierazi du. Aurten, eguraldia alde zuen, baina gorputzak ez zion erantzun: “70. kilometroan ondo nindoan eta neu nintzen beste bat animatzen nindoana. Handik gutxira, bat-batean, botaka hasi nintzen. Ordu bian geratzea erabaki nuen. Jan, edan eta gutxienez ultra traila amaitzea nuen helburu. Orduan, berriro ekin nion lasterketari, baina handik kilometro batzuetara uztea erabaki nuen”. Ezin du asmatu zerk huts egin zion: “Jaten eta edaten nindoan, beraz ez dut uste elikadura falta zenik. Beroa agian? Bero egin zuen. Dakidana da nigaz gainera jende asko erretiratu zela”.

 

168 kilometroko lasterketa horretan gehiago parte ez hartzea erabaki du. Distantzia oso luzea delako, baina baita ibilbideak ez duelako erabat erakartzen ere: “Mont Blanc-eko ibilbide ia osoa korrika egiteko modukoa da. Badago beste bat 110 kilometrokoa, askoz teknikoagoa dena eta gehiago erakartzen nauena. North Face nire taldeari proposatu diot ordezkari denak lasterketa berean beharrean, batzuen artean banatzea interesgarria izan daitekeela eta baietz esan didate, ez dagoela arazorik”.

 

Orain, printzipioz azarora arte ez du lasterketarik lehiatuko, baina batek daki: “Domekan dena popatik bidaltzeko gogoa nuen, baina hegazkinez bueltan zerutik Anbotoko bidezidorrak ikusi nituenean berriro gogoa pizten hasi zitzaidan”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!