Asier Elias, Dani del Valle eta Liher Granados gazte durangarrak eta Itziar Castrillo musika eskolako irakaslea dira Free Ends jazz laukotea. Azken hirurek azaldu dituzte taldearen ingurukoak.
Musikari bezala, zer ematen dizue Free Ends taldeak?
Itziar Castrillo: Jazz musika jotzeko musikariak hurbil topatzea ez da erraza, oraindik ere musika minoritarioa baita, eta jende nagusiagoari lotua. Opari bat izan da. Nabarmentzekoa da taldekideen gaztetasuna: bereizgarria da gazteak izanda jazz musikan horrela murgiltzea. Aukera bikaina izan da hemen bertan musika estilo hori lantzeko.
Liher Granados: Ikasteko aukera paregabea da: musika asko gustatzen zait, baina ez naiz profesionala hauen moduan, eta talde honek egunean mantentzen nau. Asko ikasten dut eurekin.
Zer esperientzia izan duzue aurretik musikan?
Dani del Valle: Hasi, heavy metal talde batean hasi nintzen 15 bat urterekin, Zangalatraba bikotean aritu nintzen Mariano Estudillorekin, gero Tabula Rasa taldean, Mongorekin ere jo dugu, Cuestión de Costumbre taldean ere bai... Eta orain Iratzar erromerian, Baraia abeslariarekin, eta Free Endsen ere badihardut.
I.C.: Nik saxo ikasketa klasikoak egin nituen, eta duela bost urte inguru hurreratu nintzen jazzera eta inprobisaziora. Sutik ska rock taldean hasi nintzen, Al Jazeera taldean funk rocka egin genuen zortzi urtez, Katamaloren azken birako kontzertuetan jo nuen, eta The Traveling Brothers Big Band eta Free Ends taldeetan nabil orain.
L.G.: Txikitan saxoa jotzen nuen, baina baxura aldatu nintzen 13 urterekin. Trapatoni, Sokaide, Mongo, Zirkin, Tabula Rasa, eta Baraia taldeetan aritu izan naiz.
Oso anitza da taldea.
L.G.: Bai, lau taldekide gara eta lau historia desberdinekoak, baina azken finean, musikan gauza bera bilatzen dugun denok: ondo pasatzea, gure artean taldekideak ez ezik lagunak ere izatea.
I.C.: Adin tarte desberdinetakoak gara, bakoitzak ibilbide bat egin du, eta helburu desberdinak dauzkagu. Ondo ezagutu dugu elkar, eta jotzerakoan begirada batekin badakigu ondo goazen, edo baten bat galduta dabilen...
Jazzean oso garrantzitsua da musikariek elkar ezagutzea.
D.V.: Asko igarri dugu zenbat eta gehiago jo hobetzen dugula: hasieran, bakoitzak berea egiten zuen, eta orain, askoz erosoago gabiltza, besteak jotzen dutena entzuten, jazza hitz egiten.
I.C.: Talde zentzua hartzen goaz. Irailean hasi ginen, eta azaroan Durangoko Platerueneko Jam saioa zabaldu genuen. Erronka horiek izan ditugu akuilu lanean jarraitzeko.
Zer da zuentzat inprobisatzea? Musikari denek dute inprobisadore bat barruan?
D.V.: Zure lengoaia propioa garatzea da inprobisazioa. Besteen lengoaia imitatzen ikasi behar duzu, baina gero zurea garatu. Asko landu beharra dago.
I.C.: Jazz estandarra hartzen dugu gida bezala, eta horren interpretazio bat egiten dugu. Estandarrak baina, askatasun osoa ematen du melodia eta erritmoak garatzeko. Buruan material eta baliabide asko eduki behar duzu momentu batean ganorazko zerbait inprobisatzeko.
Durangaldean zelan dago jazz mugimendua?
I.C.: Jam saioak antolatzen hasi ginenetik agertzen da mundu horretan dabilen jendea, baina ez gara asko. Plateruenean eta Elorrion jam saioak egiten ditugu. Halakorik antolatzen ez bada, entzuleek ez daukate musika mota hau ezagutzeko aukerarik, eta musikariak ez dauka non jo.
Musikenen goi mailako musika ikasketak egiteko sarrera proba gainditu berri duzu.
D.V.: Asierren eta bion goi mailako musika ikasketetarako probak prestatzeko, jazzean serio samar aritzeko sortu genuen Free Ends. Klasikoak baino lotura handiagoa daukalako guk entzuten dugun musikarekin aukeratu dugu jazza. Jazza ikasteko motibazio bikaina izan da taldea.
Traña-Matienako Basoa tabernako monologoen lehiaketan ezagutu zuten Itziar eta Dani taldekideek elkar: lehiaketa horren finalean jotzeko talde bat sortzea proposatu zuen Itziarrek, eta horrela sortu zuten Free Ends honen aurrekaria den Pans&Company taldea.
Astero-astero behin edo birritan elkartu izan dira azken hilabeteetan entseguetarako. “Ez genuen uste horrelako serio ariko ginenik”, diote: “Musika eskolako konboan, irakasle baten gidaritzagaz jotzera ohituta geunden, baina jazza gure kontura egitea esperientzia berria izan da”. Errepertorioa aukeratu, zelan landu erabaki dute, eta lauren artean eman diote abesti bakoitzari forma. |