David Izkarak 15 urtegaz salto hirukoitza irabazi du; Joseba Ogiza bigarren sailkatu da, 14 urtegaz.
Bizkaiko Atletismo Txapelketan hainbat domina irabazi dituzte Bidezabal eta Durango Master Kirol taldeko atletek. Azpimarratzekoa da salto hirukoitzean David Izkarak (Bidezabal) eta Joseba Ogiza elorriarrak (Durango Master Kirol) erakutsi zuten maila. Maila absolutuko txapelketa zen arren, modalitate batzuetan, salto hirukoitzean kasu, gazteagoak ere parte hartu dezakete. Eta horixe izan zen 15 urteko Izkararen eta 14 urteko Ogizaren kasua.
Izkarak urrea irabazi zuen (12.10) eta Ogizak zilarra (12.09). Zentimetro bakar batek banatu zituen atleta gazte biak. Gainera, Ogizarentzako bere ibilbideko markarik onena izan zen. Bidezabalgo Ander Santos (400 metrotan), Belit Solar (400 metrotan) Andrea de la Torre (800 metrotan), Iraia Garcia (3.000 metro oztopoetan) eta Arantza Morenok (mailu eta xabalina jaurtiketan) ere urrea jantzi zuten.