Lehenengoz ibiliko da Bizkaiko Itzulia Durangaldean zehar

Anboto 2013ko uzt. 5a, 12:29

Gaur Zaldibarren eta bihar Elorrion hasi eta amaituko dira etapa bi

Gaur Zaldibarren eta bihar Elorrion hasi eta amaituko dira etapa bi.

 

Gazte mailako Bizkaiko Itzuliaren 19. aldiak lehenengo bider zapalduko ditu Durangaldeko lurrak. Lau etapatik bik Zaldibarren eta Elorrion izango dute hasiera eta amaiera.

\"\"

 

Balmasedako Txirrindulari Elkarteak antolatzen duen itzuliak eskualdeko hainbat udalen laguntza jaso du, eta horregatik ekarri dituzte etapa bi hona. Atzo Balmasedan izan zen lehen etaparen ostean, gaur, 16:30ean, Zaldibarren ekingo diote bigarrenari. Berriz, Elorrio eta Abadiño igaro ondoren, Areitio gaina birritan eta Trabakua behin gainditu beharko dituzte txirrindulariek, 18:30ean Zaldibarren helmugaratu aurretik.

 

Bihar, 11:00etan, Elorrioko Santa Ana kalean hasiko da itzuliko azken aurreko etapa. Erletxera (Galdakao) joan-etorria egin ondoren, Intxorta igoko dute Elorriora bueltatu aurretik.

 

Parte-hartzaileei dagokienez, “oso maila handia” dagoela deritzo Agus Ruiz Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidenteak. Iazko aldia irabazi zuen Iban Garcia (Gijón-Las Mestas) asturiarra da garaipena berritzeko hautagai nagusia. Bera da Espainiako txapelduna, eta pasa den domekan Lena Destino klasika irabazi zuen. Iosu Angoitia (Fundación Contador) da Garciari aurre egin diezaiokeneetako bat. Maila handian dabil markinarra.

 

Beste-Alde Orue eskolak honako seikote hau eroango du: Adrian Sainz, Aritz Hernandez, Markel Arbulu, Jon Munitxa, Gartzen Elejabarrieta eta Markel de la Fuente. Bizkaiko onenaren maillota irabaztea eta aurreneko euskaldun lez sailkatzea izango dute helburu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!