Zementuzko bideak Oizera eroango ditu Balcón de Bizkaia rallyko pilotuak

Anboto 2013ko eka. 21a, 13:01

Balcón de Bizkaia rallyko lehen sektoreko zazpi kilometro zementutik egingo dituzte bihar

Balcón de Bizkaia rallyko lehen sektoreko zazpi kilometro zementutik egingo dituzte bihar.

 

Durangalde Racing Elkarteak Balcón de Bizkaia rallyko bosgarren aldia (hirugarrena jarraian) antolatu du gaurko eta biharko. Gaur arratsaldean, Landako Gunean batuko dira egiaztapenak egiteko eta zapatu iluntzean ere bertan egingo dute sari banaketa. Bihar goizean goiz irten eta egun osoan bost sektoretan banatutako lasterketari aurre egingo diote 80 parte-hartzaileek. Sektore bakoitza birritan osatu beharko dutela kontuan hartuta, guztira, 81 kilometro izango ditu rallyak.

 

Iurretako kanposantu parean hasiko den lehenengo sektorean, ia Oiz puntara igoko dute autoek, eta ibilbideko zatirik handiena (zazpi kilometro) zementuzko bidean egingo dute. Baina ez iaz egin zuten lekutik, 3,7. kilometroan gorantz eta ezkerretara hasten den bidetik baino.

 

Biharkoa Euskadiko Rally Txapelketako aurreneko proba izango da. Parte-hartzaileak hainbat mailatan ariko dira autoen prestazioen arabera. Iazko txapelduna, Xabier Lujua bilbotarra, biharko rallya irabazteko faboritoen artean dago; baita Aingeru Castro laudioarra eta Gorka Antxustegi markinarra ere. Antxustegi Espainiako Rally Txapelketa lehiatzen ere badabil Suzukigaz. Durangaldeko pilotuei dagokienez, ematen du Iban Tarsicio atxondarra dela goren ibiliko dena. Jon Zalloetxebarria zornotzarra, Unai Solaguren atxondarra, Dani Benito abadiñarra, Fernando Anton zaldibartarra eta Eneko Goiriena durangarra ere irteera puntuan egongo dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!